Hizkuntza eskubideak jomugan

Frantziaren kontsuletxeetan sartu dira, euskarazko azterketak itzul ditzatela eskatzeko

Bilboko eta Iruñeko egoitzetan egin du protesta Ehun mugimenduak: baxoan ikasleek euskaraz erantzundako azterketak itzultzeko exijitu diete hainbat irakaslek.

Ehun mugimenduko kideak, Frantziak Bilbon duen kontsuletxean. EHUN.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 5a
13:08
Entzun

Frantziak Bilbon eta Iruñean dituen kontsuletxeetan sartu dira hainbat irakasle gaur goizean, Frantziako Estatuak «bahitutako» azterketak itzul ditzatela eskatzeko. Izan ere, brebeta euskaraz egin duten ikasleei hizkuntza eskubideak urratu dizkietela salatu du Ehun mugimenduak, eta azaldu du euskaraz erantzundako azterketak «Euskal Herritik kanpora» eraman dituela Frantziako Estatuak, «irakasle euskaldunen esku eror ez daitezen eta, ondorioz, zuzendu ez ditzaten».

Eskuan «euskal errepublika orain» zioten kartelak zituztela sartu dira kontsulatuetara. Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroari zuzendutako gutun bana utzi dute Bilbon eta Iruñean, «lapurtutakoa itzultzeko» eskatzeko. Dena den, Ehunek adierazi du hizkuntza eskubideen aldeko borroka ezin dela ulertu «euskal errepublikaren aldarritik bereizita» . «Euskal errepublikarik gabe, etengabean, behin eta berriz tupust egingo dugu erdaren inposizioaren paretarekin».

Orain dela hilabete Irun eta Hendaia artean egindako «lehen burujabetza ekintzaren» segida izan da gaurkoa. Orduko hartan, zenbait migratzaileri muga zeharkatzen lagundu zieten hainbat lagunek, mozorrotuta.

Seaskak, bestalde, euskaraz erantzundako brebetako azterketak zuzentzeko zentroa antolatu du gaur Baionan, Euskal Elkargoaren babesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.