EHUko irakaslea

Enrique Antolin: «Funtsean, etxebizitza babestuak erdiko klasekoentzat dira»

Erakunde publikoen etxebizitza politikak aztertu ditu Antolinek: neurri onak badaudela dio, baina zalantzak sortzen dizkioten batzuk ere bai. Arazo nagusia alokairu eskuragarrien falta dela nabarmendu du.

Enrique Antolin, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Enrique Antolin, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
Leioa
2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bulegoko idazmahaia txostenez betea du Enrique Antolinek (Bilbo, 1961). Soziologia irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako campusean (Bizkaia), eta azken urteetan etxebizitzaren arloari lotutako hainbat ikerketa proiektutan hartu du parte. Duela pare bat aste Leioan bertan eman zuen hitzaldian, lau orduz jardun zen bizitegi krisiaz eta erakunde publikoak hari ematen ari zaizkion erantzunaz. Han esandakoak laburtzeko ahalegina egin du.

Erakundeak bide egokian lanean ari direla uste duzu?

Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatuta, uste dut badaudela gauza onak. Babes ofizialeko etxebizitzek, 2003. urtetik, ez dute kategoria hori galtzen erabilgarriak diren bitartean; tentsio handiko guneek, beste neurri batzuekin batera, lagundu dezakete alokairuaren prezioen gorakada moteltzen, Bartzelonako esperientziak erakusten duen moduan; etxebizitza hutsak mugiarazteko Bizigune programa interesgarria iruditzen zait; etxebizitza hutsei zerga gehigarriak ezartzen dizkiete, nahiz eta udal guztiek ez duten hori aplikatzen; pertsona zaurgarriei DSBEaren bidez alokairua ordaintzeko laguntzak ematen zaizkie... Dena den, badaude erakunde publikoak ondo lantzen ari ez diren gaiak, baina erantzun bakar bat ematea ez da erraza.

Zein da arazo nagusia?

Ez dagoela alokairu eskuragarririk, ezta behar horri aurre egiteko adina etxebizitza publikorik ere. Egia da azken urteetan horretaz jabetzen hasi direla erakundeak, baina, duela gutxi arte, babes ofizialeko etxe gehienak jabetzara bideratu dituzte.

«Gaur egungo etxegabetzeak ez daude etxebizitzaren erosketari lotuta, baizik alokairua ez ordaintzeari lotuta»

Badaude zalantzak sortzen dizkidaten beste neurri batzuk: esaterako, Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei Buruzko Legea, urtarriletik indarrean dena. Hiru kritika egin daitezke. Bat, testuak etxebizitza eskaintza eta etxebizitza eskuragarria nahasten ditu, eta horren erakusgarri da sustapen pribatu berrietan eraiki beharreko etxe babestuak %75etik %60ra murriztu izana. Bi, sinplifikazio urbanistikoko prozesua. Eta hiru, 7.000 biztanle baino gehiago dituzten udalek ingurumen inpaktuaren ikerketa egin ahal izatea, gehienek ez duten arren horretarako gaitasunik. Uste dut horrek arazo handiak eragin ditzakeela eraikitzen diren etxebizitzen kalitatean eta inpaktuan, modua emango baitu kutsatutako lurretan edo urpetzeko arriskuan daudenetan eraikitzeko.

Etxebizitza publiko gehiago eraikitzen ari dira, baina horrek ez du esan nahi eskuragarriak direnik derrigor: 300.000 eurotik gorako prezioetan saltzen ari dira asko.

Nire lagun batek dio babes ofizialeko etxeak erdiko klaseen asmakizun bat direla euren seme-alabak etxetik bidaltzeko. Izan ere, funtsean, etxebizitza babestuak gaitasun ekonomiko jakin bat duten erdiko klaseentzat dira. Migratzaileek, adibidez, dituzten irabazien zati bat jaioterrira bidaltzen dute, eta aurrezteko gaitasun murritza izan ohi dute. Zaila da horiek etxebizitza babestu bat erosi ahal izatea.

«Laguntza zuzenak emateko programak adabaki bat dira, eta kontrako eragina izan dezakete. Azkenean, irabazten duena etxejabea da»

Etxebizitza bat eskuratu ahal izateko ohiko bidea hipoteka izan da hemen. Ez dezagun ahaztu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan herritarren %83,2k jabetzan dutela etxea. 2008 eta 2014 arteko etxebizitza krisian, gizartearen parte handi batek ezin izan zion aurre egin hipotekari, eta ordutik zailagoa da bat eskuratzea; egoera horretan gaude orain. Kreditu bat lortzeko, abal emaile bat —normalean, gurasoak— eta soldata egonkor bat behar dira. Bi baldintza horiek profil jakin batzuek soilik betetzen dituzte, eta ez bizitoki beharrik handiena dutenek. Horregatik, egoera aldatu egin da; etxebizitzaren arazoa alokairura pasatu da. Gaur egungo etxegabetzeak ez daude etxebizitzaren erosketari lotuta, baizik alokairua ez ordaintzeari lotuta.

Emantzipa, Gaztelagun eta halako programek onuragarriak dirudite gazteentzat, baina ez dute konpontzen alokairuaren arazoa.

Laguntza zuzenak emateko programak adabaki bat dira, eta kontrako eragina izan dezakete, bai. Azkenean, irabazten duena etxejabea da, prezioaren hurrengo igoeran laguntza hori gehituko baitio lehengo errentari. Agerikoa da laguntza, azkenean, etxejabearentzat izateko arriskua.

Etxebizitza politika publikoek erantzuten al diete kolektiborik zaurgarrienen beharrei?

Kolektibo zaurgarriei buruz ari garenean, errealitate ezberdin asko identifikatu ditzakegu: pertsona helduena, seme-alabak dituzten emakume migratzaileena... etxebizitzaren arloa aztertuz gero, jabetuko gara higiezinen agentzia askoren funtzioa filtro sozialak ezartzea dela. Etxejabeek agentziei eskatzen diete etxea alokairuan jartzeko, eta irizpide argiak eman ohi dituzte: ama bakarrei ez, Saharaz hegoaldekoei ez, marokoarrei eta aljeriarrei ez... Ez ordaintzeko beldurragatik dela diote —nahiz eta horrek gehiago duen irudimenetik errealitatetik baino—, eta bitartekaritza horrek eragotzi egiten du etxejabeei arrazakeria egoztea.

«Etxebizitza turistiko gehienak aldi baterako alokairuen merkatura pasatu dira»

Okupazioa ere erabiltzen dute iragazki horiek justifikatzeko.

Oinarririk ez duen mito bat da, esplotazio emozional hutsa. Datuei erreparatuta, Bizigune da EAEn alokairu gehien dituen eragilea, eta haren 7.475 etxebizitzetatik hemeretzi daude okupatuta. Denera, 137.000 etxebizitza daude alokatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 442 daude okupatuta, %0,3 ere ez.

Etxebizitza turistikoak ere aztertu izan dituzu. Asko mugatu dituzte azkenaldian.

Bai, eta uste dut etxebizitza turistiko kontzeptuak erabilera mugatua duela egun. Orain, etxebizitza turistiko gehienak aldi baterako alokairuen merkatura pasatu dira. Hiru hilabetez etxebizitza turistikoak dira, eta bederatzi hilabetez ikasleentzako edo langileentzako pisuak. Horri esker, prezioak eta maizterrak aldatzen dituzte urte garaiaren arabera, eta irabaziak maximizatzen dituzte.

Etxebizitzarena burbuila bat da gaur egun ere?

Ez dut erantzun argirik, baina egoera ez da 2008. urtekoaren berdina. Orduan, arazoa izan zen jendeak ez zuela kredituak itzultzeko gaitasunik. Orain, arazoa da ez dagoela etxebizitza eskuragarririk, alokatzeko bereziki. Kolektibo berriak sortu izanaren ondorio da: migratzaileak, hipoteka bat eskuratu ezin duten gazteak, dibortzioen areagotzea... Jokalekua berria da. Gauza bat ez da aldatu, ordea: egin daitekeen inbertsiorik egonkorrena da etxebizitza oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA