Oso argudio ezberdinak izan arren, oposizioko talde guztiek —EH Bilduk, PPk, Sumarrek eta Voxek— zera uste dute: etxebizitzari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko lege berriaren bidez ez dela lortuko etxebizitzen prezioa jaistea, eta, hortaz, ez dela konponduko gaur egungo «bizitegi krisialdi larria». Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren lema duten EAJren eta PSE-EEren bozkak nahikoak izan ziren lege hori aurrera ateratzeko, haien iritziz, «etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko» aukera emango baitu. Abenduaren 11n Eusko Legebiltzarrean onartu ostean, gaur argitaratu dute EAEko Aldizkari Ofizialean, eta bihar sartuko da indarrean.
Desadostasunak desadostasun, bihar sartuko da indarrean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea. Horren bidez, eraikitzeko zenbait hirigintza prozedura malgutzen dira, etxebizitzen eraikuntza sustatu eta azkartu nahian.
Berrikuntza nagusien artean, eraiki beharreko babestutako etxebizitza kopurua %60ra —egun %75ekoa da— murriztuko dute sustapen pribatu berri bakoitzean, «eraikuntza enpresek atzera egin ez dezaten». Eta horien artetik, gutxienez, %55 gizarte babesekoak izango dira, eta gainerako %5a salneurri tasatukoak.
Bestalde, Jaurlaritzaren lurzoruaren erreserba estrategikoa sortzea aurreikusten dute legearen bitartez: horri jarraiki, sustapen bakoitzeko kargarik gabeko ustiapenen %15 lagako zaie etxebizitzak eraikitzen dituzten administrazioei. Ildo berean, udalek eraikigarritasuna %10era arte handitzeko aukera izango dute, hirigintza antolamenduko planetan aldaketarik egin behar izan gabe.
Alokairu merkatuari eta etxebizitza turistikoei dagokienez, legeak kontrol handiagoa ezartzen du, eta bihartik aurrera ezin izango da turistei pisua edo gela alokatzeko beste baimenik eskatu «tentsio handiko eremu» izendatutako guneetan. Gainera, gune horietan arau hauste larritzat joko dute alokairuaren prezioaren mugak gainditzea.
Argudio kontrajarriak
Neurri horiek guztiek «etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko» aukera emango dutela uste du Eusko Jaurlaritzak. Oposizioko taldeek, ordea, ez dute batere argi horrela izango denik. Hala ere, oso argudio desberdinak azaldu dituzte batzuek eta besteek.
EH Bilduren eta Sumarren arabera, etxebizitza sustatzaileak, eraikitzaileak eta banketxeak izango dira onuradun nagusiak. Halaber, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko gutxieneko kopurua ere murriztu izana kritikatu du koalizio subiranistak. Gainera, tramiteak azkartzeak «kontrol mekanismoak leuntzea ekarriko du, eta ingurumen bermeak arriskuan jarriko ditu», EH Bilduren iritziz.
PP eta Vox, berriz, kexu dira «eredu interbentzionistegia» delako. Biek ala biek gogor kritikatu dute tentsio handiko eremuen eredua. Higiezinen sektore pribatuari muga gehiegi jartzen ari zaizkiela uste dute.