Gaixoei hiltzen laguntzeko lege proiektua aurkeztu du Frantziako Gobernuak

Gaixotasun larriren bat dutenek eskatu ahalko dute, betiere beren asmoa jakinarazteko gai badira.

Eutanasia kasu bateko irudia. BIEL ALIÑO / EFE
Eutanasia kasu bateko irudia. BIEL ALIÑO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko apirilaren 10a
18:00
Entzun

Frantziako Gobernuak uko egin dio suizidio lagundua eta eutanasia kontzeptuak erabiltzeari. Hiltzen laguntzea kontzeptua erabili du, indar eta zama handiagoa duten beste kontzeptuak saihesteko, nahiz eta praktikan, ñabardurak ñabardura, haiei buruz ari den. Gaixotasun larriren bat dutenei hiltzen laguntzeko lege proiektu bat prestatu du. Ministroen Kontseiluak gaur aurkeztu du testua. Lege proiektuak bi zati ditu: lagundutako heriotzari buruzkoa bata, zainketa aringarriei buruzkoa bestea. 

«Zergatik ez dugu eutanasiari buruz hitz egiten?», galdetu du Catherine Vautrin Lan eta Osasun ministroak. «Eutanasia norbait hiltzea delako, bere baimenarekin edo baimenik gabe. Testu honetan, jakina, erabateko baimena dago». 

Gaixo batzuek hiltzen laguntzeko eskatu ahalko diote «mediku bati, erizain bati edo boluntario bati». Gaixoak ezin badu, haiek egingo dute gaixoaren heriotza eragingo duen ekintza. Heriotza eragiten duen substantzia baten bitartez egingo da.

Hiltzen laguntzea eskatzeko, baldintza jakin batzuk bete beharko dira: gaixotasun sendaezin bat eduki beharko du, «epe motzean edo ertainean» heriotza eragingo diona. Irizpide hori lausoa da, eta zehaztu egin beharko dute epe horien iraupena. Hiltzen laguntzeko eskatu ahal izateko, tratamenduek ezingo dute sufrimendua arindu, edo sufrimenduak «jasanezina» izan behar du tratamendurik jasotzen ez duenean. Lege proiektuak aintzat hartzen du sufrimendu psikologikoa (lege proiektuaren aurreko testu batek ez).  

Gaixoek gai izan beharko dute beren gogoaren edo asmoaren berri emateko. Baldintza horrekin, ez dute hiltzen laguntzeko eskatzeko aukerarik izango alzheimerra edo bestelako dementziak dituztenek. Baita dementziak erasan aurretik adierazi baldin badute ere egoera jakin batean hiltzen laguntzea nahi dutela.

Iritzi eske

Prozesua abiatu nahi duenak aholkua eskatu beharko dio mediku bati. Medikua ezingo da izan gaixoaren senidea. Medikuak zainketa aringarriak eskainiko dizkio, baina, gaixoak hiltzen laguntzea nahi badu, medikuak beste bi pertsonaren iritzia jaso beharko du: gaitz horretan espezialista den mediku batena —gaixoa ezagutzen ez duena— eta gaixoaren zaintzaile batena. Iritzia jaso eta gero, medikuak hamabost egun izango ditu erabakia hartzeko: hiltzen laguntzea onartzea edo ez. Onartuz gero, gaixoak bi egun izango ditu bere aukera baieztatzeko, eta gero hiru hilabete prozesua bukatzeko.

Zainketa aringarriei dagokienez, Frantziako Gobernuak hamar urteko plan bat aurkeztu du zainketa aringarriak zabaltzeko. Zainketa aringarriei eskainitako dirua emendatuko du.

Maiatzaren 27an hasiko dira lege proiektua eztabaidatzen Asanblea Nazionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.