Galesko adibidea: ikasbide bat

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan, Galesko Gobernuko goi funtzionario Siwan Jonesek jakitera eman du zer hezkuntza estrategia dituzten martxan Galesen hizkuntza biziberritzeko, Cymraeg 2050 helburu handiaren barnean.

Siwan Jones online agerraldian, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan. BERRIA
Siwan Jones online agerraldian, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan. BERRIA
arantxa iraola
2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz mintzo den hiztun komunitatearen gisan, beste hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateak ere ari dira tokian tokiko hizkuntzak biziberritzeko erronka berriak ezartzen, egungo mundu globalizatuan minorizatuta dauden hizkuntzek hauspo berria behar baitute. Galesen, propio, Cymraeg 2050 helburua jarria dute galesa biziberritzeko: 2050erako milioi bat hiztun izatea da helbururik behinena, eta jakintzan ez ezik erabileran ere eragitea: xedea da 2050ean hiztunen %20k egunean eguneko martxan erabiltzea hizkuntza. «Erronka ez da nolanahikoa: hiztun berriak sor ditzakegu, baina ondo dakizue horrek ez duela esan nahi gero galesa hautatuko dutenik», azaldu zuen asteazkenean Galesko Gobernuko goi funtzionario Siwan Jonesek, konplize, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan. «Faktore askok eragiten dute hizkuntza hautuan». Online hartu zuen parte jardunaldian, eta hezkuntzan aurrera egiteko dituzten estrategietan ardaztu zuen mintzaldia. 

Hizlarietan azkena izan zen Jones, eta aurreko hizlariek usu aipatu zuten ideia bat nabarmendu zuen hark ere, hizkuntza gutxiagotu gehienen erronka agerikoenetako bat baita: eskolan hizkuntza gutxituan jarduteko egiten diren aurrerabideez harago, berebiziko garrantzia du hortik kanpora ere hiztunek hizkuntza horretan unibertso oso bat aurkitzeak: «Lortu behar da jendeak bizitzako etapa guztietan eskura izatea galesa, erakargarria eta erraza izatea hautu hori».

«Lortu behar da jendeak bizitzako etapa guztietan eskura izatea galesa, erakargarria eta erraza izatea hautu hori»

SIWAN JONES Galesko Gobernuko goi funtzionarioa

Oinarrietako bat hezkuntza dela sinetsita, galesez egiten den «hezkuntzaren arkitektura indartzeko» ahaleginetan murgilduta daude, legez horretarako behar diren zimenduak ezartzen. Eta horra zer helburu jarri duten: «Ikastetxeetan ikasten duten guztiak gales hiztunak izatea eta konfiantza izatea galesez». Maila jakin bat lortzea nahi dute, zehazki: B2 maila. Horretarako, propio, hezkuntzarako ondu duten planaren helburua da «Galesko eremu guztietako eskola kategoria guztietan» galesa ikasteko modua izatea. Jonesek azaldu zuenez, hezkuntza zikloka ezarriko dituzte helburuak, eta «behatokiak» jarriko dituzte nola doazen aztertuz joateko: «Urtero».

Txikitatik

Umeak eskolan hasi orduko, murgiltze eredura eramateko ahaleginak egin dituzte lehendik, eta horietan sakontzen jarraitzea da beste helburuetako bat, galesez ikasten duten umeen kopuruak handitzen jarrai dezan. «Lanean jarraituko dugu Galesen zehar galesez ari diren haurtzaindegiak zabaltzeko ahalik eta haur gehienentzat, galesezko hezkuntzarako sarrera gisa. Gure lehentasun nagusietako bat da», jasota dute propio hezkuntza planean.

«Murgiltze berantiarrerako programa bat ere badugu; izan ere, galesezko hezkuntzara heltzeko bide bat baino gehiago jarri behar ditugu»

SIWAN JONES Galesko Gobernuko goi funtzionarioa

Baina bestelako estrategiak ere badituzte. «Murgiltze berantiarrerako programa bat ere badugu; izan ere, galesezko hezkuntzara heltzeko bide bat baino gehiago jarri behar ditugu», azaldu zuen, adibidez, Jonesek bere mintzaldian. «Hori beste sarbide garrantzitsu bat da». Halakoetan, «ikasle talde txikietan» egiten dituzte murgiltzeak. «Hamabi asteko murgiltze trinko bat jasotzen dute hasieran». Hizkuntzan ardaztutako ikastaroak izaten dira. Eta, Jonesen arabera, badu segida hautu horrek: «Arrakasta handia izaten ari da». E-sgol izeneko ekinbidearen bidez, online jarduteko bideak ere eskaintzen dituzte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA