FELIPE GONZALEZ ETA GAL

GALi buruzko ikerketa batzordea eratzea baztertu du Espainiako Kongresuak

Parlamentuko Mahaiak baztertu egin du EH Bilduk, EAJk, ERCk, BNGk, CUPek eta Junts Per Catalunyak erregistratutako eskaria, PSOEk, PPk eta Voxek aurka bozkatuta.

Espainiako Kongresuko Mahaiaren bilkura, gaur zortzi. BALLESTEROS / EFE
jon olano
2020ko ekainaren 23a
11:47
Entzun

Espainiako Kongresuko Mahaiak gaur zuen mahai gainean Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALen izandako ardurari buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria, baina ez dute tramiterako onartu. Kontrako botoa eman dute PSOEk, PPk eta Voxek, Efe agentziak mahaiko iturriak aipatuz jakinarazi duenez.

Bederatzi diputatuk osatzen dute mahaia; hiruna dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek, bi PPk eta bat Voxek. Horiek horrela, kontrako sei boto jaso ditu eskariak, nahiz eta kongresuko zerbitzu juridikoek oniritzia eman dioten batzorde hori sortzeari. Ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten joan den astean EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk.

Gaia ezkutatu nahi izatea egotzi die EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruk ezezko botoa eman duten alderdiei: «Beto politiko bat da, ez dago inolako argudio juridikorik. GALen biktimek ere merezi dute argipen bat». Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, berriz, erabakia «ulertezina» da: «Gutxienez plenora eraman daiteke eztabaida. Abagune hori ere ez dute eman gura». Adriana Lastra PSOEren bozeramaileak, ordea, uste du ez duela zentzurik batzordea eratzeak.

Horren aurrean, polemika eragin zuen Unidas Podemosen jokabideak; Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak garrantzia kendu zien dokumentuei, eta ez zuen beharrezkotzat jo gaiari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude». Posizio horrek kritika ugari sortu ditu; besteak beste, Pili Zabala koalizioaren lehendakarigai izandakoak «ezinegona eta kezka» adierazi zituen. Ondoren, atzera egin zuen Unidas Podemosek, eta erabaki zuen batzordearen osaketa babestea.

Egunotan jendaurrera atera dira Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen paper batzuk, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia zipriztintzen dutenak. CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro hartu da hizpide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.