Borja Semper Gipuzkoako PPko presidente karguan berretsi zuten atzo, alderdiak Donostian egindako XIII. Lurralde Kongresua. Hautagai bakarra izaki, botoen %95,4 jaso zituen, eta, beraz, ez zen ezustekorik izan biltzarrean. Hartara, Sorturen legeztatzeak hartu zuen protagonismorik handiena, Espainiako Justizia ministroa bertan zela probestuta. «Ez da zigorgabetasunaren eguna heldu, inola ere. Ez dezala inork pentsa Justiziak funtzionatzeari utzi dionik», esan zuen Alberto Ruiz Gallardonek.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak asteazkenean emandako epaia «onartu» arren, Gallardonek ohartarazi du Espainiako Gobernuak adi jarraituko duela Sorturen jarduna: «Duela gutxira arte demokrazia defendatzen ez zutenen itzala izango gara». ETA «behin betiko desagertzea eskatu gabe segitzen» dutenei igorri die mezua, baita «bi indarkeria egon direla asmatuz, historia faltsutzen saiatzen» direnei ere. «Legez kanpo» daudenak ikertzen, atxilotzen eta epaitzen jarraituko dutela gaineratu du.
Semperrek ETAren biktimak izan ditu gogoan, presidente berrautatu osteko hitzaldian. «Benetako heroiak, ETAk hildako 900 errugabeak» ez ahazteko eskatu du. «ETAren proiektu totalitarioa garaitzeaz» mintzatu da, eta ildo horretan, «eztabaida jakin batzuk» gainditu beharra aipatu du: «Ez gaude zorakeria independentistetan amaitzen diren ameskizunetarako». Hain justu, independentziaren aldekoei arduragabe jokatzea egotzi die, «arinkerietan eta gezurretan» ari direlakoan.
Bilduren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaz ere hitz egindu EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik. Eraginkortasunik gabe jardutea eta «demokrazia oso urrun edukitzea» leporatu dio Martin Garitanoren taldeari: «Diputazioa Kantauriar guneko Kuba bihurtzen tematuta daude».
«Ez dezala inork ahaztu Bilduk egindakoa, eta nork utzi zien gobernatzen [EAJri buruz]», galdegin du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Bozak aurten egingo direlakoan mintzatu da Basagoiti: «Azaroan jokoan izango dugu bizikidetza, ETAren behin betiko amaiera eta Espainia ez zatitzea».
Gallardon: «Ez da zigorgabetasunaren garaia heldu»
Borja Semper hautatu dute berriro Gipuzkoako PPko presidente, botoen %95ekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu