LAB sindikatuak Osakidetzako garapen profesionalerako eredu berriaren ajeak zerrendatu ditu: aurreko ereduaren akatsak dituela; ez dela izango pizgarria eta osasun sistema publikoa hobetzeko tresna; tituluei garrantzi handia ematen diela; ikastaroak egitera bultzatzen duela, puntuak eskuratzea «beste asmorik» gabe; ez duela euskarazko arreta bermatuko duen Osakidetza sustatzen; ez duela genero ikuspegirik; eta ez dela «benetan» sistema unibertsal bat. «Beste behin», LABen arabera, «Osakidetzak ez du jokatu anbizioz edo eredu hau sakon aldatzeko borondatez, beste aukera bat galdu du».
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo sinatu zuen osasun langileen garapen profesionalerako eredu berria SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuarekin eta CCOOrekin. Eredu horrek berrikuntza nagusi bat du: Osakidetzako barruko mediku, erizain, farmazialari eta psikologo egoiliarren prestakuntza espezializatuaren garaia haien garapen profesionalean islatuko da. Emandako zerbitzu gisa onartuko diete.Â
2023ko irailean hasi zuten Osakidetzako garapen profesionalerako eredu berriaren negoziazioa. Ordutik LABek 60 proposamen baino gehiago egin ditu. «Horietatik ia bat bera ere ez da txertatu onartutako dokumentuan», salatu du sindikatuak. Garapen profesionalerako eredu berri bat nahi du. Ezaugarri hauek izan beharko lituzke: prozesuak sinplifikatzea, sarbidea erraztea, balorazio subjektiboak baztertzea eta Osakidetzak berak eskaintzea garapen profesionalerako «eskatzen den guztia», prestakuntzari dagokiona batez ere.