5,3 gradu leku batean, eta 21 bestean. 6,8 kilometroko tartean, 15,7 gradu zentigraduko tenperatura aldea antzeman zuten Uriker enpresako teknikariek Ebro ibaian otsailaren 9an eginiko azterketa batean. Greenpeace erakunde ekologistak jakinarazi duenez, Garoñako zentral nuklearrak ibaira botatzen duen ur beroaren ondorioz gertatzen dira tenperatura aldaketa horiek Ebroko uretan. Azterketa Frias eta Tobalinilla (Burgos, Espainia) arteko zortzi puntutan egin zuten, Ebro ibaia Euskal Herrian sartu baino apur bat lehenago. Garoñaren jabeak, Nuclenorrek, ordea, ukatu egin du salaketa, eta bere lan guztiak «legearen barruan» egiten dituela adierazi du.
Ibaiko uraren tenperatura «hainbeste» igotzearen arrazoia Garoñaren «hozte beharrak» direla salatu du Greenpeacek. Carlos Bravo nuklearren ataleko bozeramaileak adierazi duenez, tenperatura igotzeak «aise gainditzen du zentral nuklearraren isuriari baimentzen zaion hiru graduko igoera». Izan ere, Bravoren iritziz, CHE Ebroko Ur Konfederazioak ura isurtzeko baimena eman zion Nuclenorri 2007ko urriaren 18an, baldintza batekin: «Ibai goran dagoen tenperatura gehienez hiru gradu igotzea isuri termikoaren ondorioz». Baina Garoñaren hozteko arazoek «ezinezko» egiten dute muga hori betetzea, Bravoren esanetan. «Horrek kutsadura termiko handia eragiten du Ebro ibaian, eta hori da, hain zuzen, ibaiak sufritzen duen eutrofizazioaren arrazoia». Horrek ibaia «espezie inbaditzaileen esku» uzten duela dio Greenpeaceko ordezkariak.
Hozteko arazoak
Japonian istripua izan duen Fukushimakoaren «bikia» da Garoña, Bravoren iritziz, eta 2009ko uztailean aurkeztutako txosten batean Espainiako Ingurumen Ministerioak ere «zentral nuklearrak zituen hozte arazoen» berri eman zuela gogorarazi du: «Txosten horretan esaten zen Garoñatik irteten zen uraren ondorioz ibaiko uretan gerta zitezkeen alterazioak saihestu behar zirela eta isuriek exijitutako mailaren azpitik egon behar zutela».
Ebro ibaiak Garoñatik igarotzean «jasaten duen tenperatura igoeraren» inguruan ezkutukeria erabili izana leporatu dio Bravok Nuclenorri. «Kutsadura termikoaren benetako datuak ezkutatu egiten ditu, eta CHEk ez jakinarena egiten du». Greenpeacek jakinarazi du Ebroko Ur Konfederazioak gutun bat bidali diola erakunde ekologistari eta adierazi diola ez duela kontrol termometrikorik egiten, Nuclenorrek egiten dituenak «nahiko» direlako.
Miren Gutierrez Greenpeaceko zuzendariak, berriz, Rosa Aguilar Espainiako Ingurumen ministroari eskatu dio ken diezaion Garoñako zentralari hozteko erabilitako ura ibaira isurtzeko baimena.
Nuclenorrek ukatu egin ditu Greenpeaceren salaketak, eta Garoñaren jarduera guztiak «legearen barruan» egiten direla agertu du, «baita zentralaren hoztearekin lotutakoak ere». 2009an URS enpresak eginiko azterketa batek adierazi zuen, Nuclenorren arabera, Garoñak isurtzen dituen urek baimenaren baldintzak betetzen dituztela. Txosten horren arabera, CHEk ezarritako hiru graduko maila gainditu duen uneetan ere, gehienez bi gradutan gainditu du Ebroko urak.
Garoñak Ebro ibaiko ura 15 gradu berotzen duela salatu du Greenpeacek
Erakundeak aurkeztu duen ikerketa batek dio 5,3 gradu zentigradutik 21era igarotzen dela ura zazpi kilometroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu