«Ezbeharra ez zuen mendizaleen arduragabekeriak eragin»

Mendizaleak ondo prestatuta egon arren, elurraren egoera eta baldintza meteorologikoak denbora gutxian alda daitezke. Jon Apodaka arrisku naturaletako adituaren arabera, horrek elur jausi «hilgarriak» eragin ditzake.

Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
14789412 kepa
2025eko abenduaren 30a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Panticosako elur jausiak eragindako heriotzek berriro ere agerian utzi dute mendian eskarmentua izan arren arriskua hor dagoela beti. Jon Apodaka adituak ez dauka zalantzarik: atzo Pirinioetan gertatutako ezbeharra «ez zuen mendizaleen arduragabekeriak eragin», oso ondo trebatuta baitzeuden. Ingurua ere ondo ezagutzen zuten, baina askotan «elurraren egoera eta eguraldia okertu egiten dira denbora gutxian», adierazi duenez.

Beste behin mendizaleen bihotzak izoztuta utzi ditu ezbehar batek: hiru lagun hil ziren atzo Panticosan (Huesca, Aragoi, Espainia), elur jausi batek harrapatuta. Haietako bat euskal herritarra zen: Eneko Arrastua, 48 urteko irundarra. Mendiko eskia egiten ari ziren, eta ezustean harrapatu zituen elur jausiak. Haiekin batera zihoazen beste hiru mendizaleetatik bat zauritu egin zen, eta beste bi onik atera ziren. Zauritutakoa 29 urteko emakumezko bat da, Ordiziakoa (Gipuzkoa). Huescako erietxera eraman zuten, hipotermiak jota, eta gaur eman diote sendagiria. Onik atera zen bi lagunetako bat ere ordiziarra da: 60 urteko gizonezko bat.

Aemet Espainiako meteorologia zerbitzuaren arabera, elur jausiak izateko arriskua bostetik bikoa zen atzo Aragoiko Pirinioetan, 2.200 metrotik gorako altueran. Panticosako bainuetxearen hego-ekialdean izan zen istripua, gutxi gorabehera 2.200 metroko garaieran, Tablato mendi puntaren magalean. Apodakak aitortu duenez, «inguru konplexua da». «Leku horretan, 30 gradutik gorako maldak ditugu, eta, orokorrean, elur jausiak gertatzeko arriskua izaten da».

«Elur jausietan, funtsezkoa da zeure burua salbatzen ahalegintzea: istripua gertatu eta lehenengo hamabost minutuetan, bizirik ateratzeko probabilitatea %90erainokoa izan daiteke»

JON APODAKA Arrisku naturaletan aditua

Hala ere, Pirinioetan atzo gertatutako ezbeharra «ez zuen mendizaleen arduragabekeriak eragin», Jon Apodaka arrisku naturaletako adituak argi utzi nahi izan duenez: «Arduragabekeriaz baino gehiago giza faktoreaz hitz egin beharko genuke. Izan ere, mendiko gidariek eta adituek ere istripuak izaten dituzte». Apodaka larrialdi teknikaria da Eusko Jaurlaritzan, eta azken hamarkadan hainbat administrazio publikorekin eta eski estaziorekin elkarlanean aritu da, elur jausien arriskuak ebaluatzeko eta kudeatzeko arloan.

Gainera, ondo ezagutzen zituen Panticosako (Espainia) elur jausian zendutako mendizaleak, besteak beste, berak emandako formakuntza saioetan parte hartu baitzuten. «Ingurua ondo ezagutzen zuten, baina kontua zera da: mendiko ingurune baldintzak egokiak direla uste izan arren, asko okertu daitezkeela denbora gutxian». «Litekeena da magal batetik bestera egoera aldatzea», gehitu du.

Zelan saihestu arriskuak

Apodakak gogorarazi du denboraldi honetan elur jausi ugari gertatzen ari direla Iberiar penintsulan: «Beraz, prestakuntzan, informazioan eta irizpideetan oinarritutako erabakiak funtsezkoak dira neguan mendira irteerak egiterakoan».

Mendira abiatu aurretik, Aemeten elur jausien arriskuaren buletina eta eguraldiaren iragarpena kontsultatu behar dela azpimarratu du adituak, eta adierazi berebizikoa dela segurtasunerako oinarrizko materiala erabiltzen jakitea. «Ez soilik eramatea, baizik eta erabiltzen jakitea».

«Elur jausietan, funtsezkoa da zeure burua salbatzen ahalegintzea: istripua gertatu eta lehenengo hamabost minutuetan, bizirik ateratzeko probabilitatea %90erainokoa izan daiteke». Ondoren, aukerak nabarmen jaisten dira.

Bestalde, garrantzitsua da zuhurtziaz jokatzea: besteak beste, pertsonen artean segurtasun distantziak errespetatzea, eta elur jausiren bat eragiteko moduko zeharkaldi luzerik ez egitea. Apodakaren hitzetan, «malda irakurtzen» ere ikasi behar da, eta horretarako ezinbestekoa da elurra pilatzen den guneei eta malda aldaketei arreta berezia jartzea. Zehaztu duenez, elur jausi gehienak 30 eta 45 gradu arteko maldetan gertatzen dira. «Hala ere, malda txikiak ere hilgarriak izan daitezke, eta elur gutxi egoteak ez du esan nahi arriskua txikia denik», ohartarazi du adituak.

Baldintzak gorabehera, aurrera jarraitu ala ez zalantzarik badago, onena atzera egitea da: «Mendia hor egongo da. Garrantzitsuena etxera onik itzultzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.