Sendagiria eman diote Panticosan zauritutako emakumeari

Arin zauritu zen elur jausian, eta hipotermiak jota zegoen.

Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
jon olano
2025eko abenduaren 30a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezbehar larria gertatu zen atzo eguerdian Pirinioetan, Panticosan (Espainia): elur jausi batek sei mendizale harrapatu zituen; horietako hiru hil egin ziren, bat zauritu, eta beste bi onik atera. Zauritutakoa 29 urteko emakumezko bat da, Ordiziakoa (Gipuzkoa), eta Huescako erietxe batera eraman zuten, hipotermiak jota. Gaur eman diote sendagiria, Aragoiko Gobernuko iturriek zabaldu dutenez. Onik atera zen bi lagunetako bat ere ordiziarra da: 60 urteko gizonezko bat.

Istripuan euskal herritar bat hil zen: Eneko Arrastua, 48 urteko irundarra. Harekin batera hil ziren bi lagunak espainiarrak ziren: Jorge Garcia-Dihinx eta Natalia Roman. Hiru hildakoen gorpuak Zaragozako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zituzten atzo, autopsia egiteko.

Panticosako bainuetxearen hego-ekialdean izan zen istripua, gutxi gorabehera 2.200 metroko garaieran, Tablato mendi puntaren magalean. Mendiko eskia egiten ari ziren, eta ezustean harrapatu zituen elur jausiak. Guardia Zibilak 13:00etan jaso zuen abisua. Aemet Espainiako meteorologia zerbitzuaren arabera, elur jausiak izateko arriskua bostetik bikoa zen atzo Aragoiko Pirinioetan. 2.100 metroko altueran, elurrak 60 eta 80 zentimetro arteko lodiera du, batez beste.

Dolumin mezuak

Cristina Laborda Irungo alkateak «doluminak eta maitasuna» helarazi dizkie atzo Panticosako elur jausian hil zen 48 urteko mendizalearen familiari eta lagunei. Sare sozialen bidez, Eneko Arrastuaren heriotza deitoratu du Labordak, eta «behar duten babes guztia» eskaini die haren senideei, Irungo Udalaren izenean.

Arrastua Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko eta Kbrnzs Irungo Mendi Korrikalari Taldeko kidea zen. Korrikalariek ere agurtu nahi izan dute mendizale irundarra, sare sozialetan, haren argazkiarekin batera argitaratutako mezu hunkigarri baten bidez.

Arrastuaren heriotza «kolpe latza» izan dela aitortu dute, eta gogoratu irundarra Sallent de Gallego herrira (Espainia) joan zela «mendien magalean bizitzeko irrikaz». «Gaur zoriak nahi izan du zu betirako bertan geratzea, muga fisikoetatik harago. Beraz, nahi beste hegan, ihes, igo eta korrika egin ezazu. Ziur Iñigorekin batera egingo duzula. Gutako askoren ametsa da. Maite zaitugu, Eneko. Laster arte, lagun», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.