AHT

Gasteiz eta Burgos arteko AHTaren beste bi zati lizitatuko ditu Madrilek

Burgos hiriburutik abiatuko den hamazazpi kilometroko zati bat da bata, eta Manzanos eta Argantzon arteko zazpi kilometrokoa bestea. 356,7 milioi euro kostatuko dira lanak.

AHTaren lan batzuen artxiboko irudiak, Hernanin, 2023an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
AHTaren lan batzuen artxiboko irudiak, Hernanin, 2023an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 27a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiz eta Burgos (Espainia) arteko AHTaren lehen zatiaren lanak hasita daude; gainontzekoak egiteko, ordea, beste pauso batzuk eman behar ditu Madrilek. Gaur, Espainiako Ministroen Kontseiluak baimena eman dio Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari Burgos hiriburuaren eta Valle de las Navasen (Burgos, Espainia) arteko eta Manzanos (Araba) eta Argantzon (Araba) arteko zatiak lizitatzeko, Adif enpresa publikoaren bitartez. 16,7 kilometro luze izango da lehena, eta zazpi, berriz, bigarrena. Hala ere, Arabako zatia bestea baino garestiagoa izango da, azpiegitura konplexuagoak eraikitzea eskatuko baitu.

Zehazki, Burgosko zatia 131 milioi euro baino gehiago kostatuko da gutxiene , eta Arabakoa, berriz, 225 milioi baino gehiago. Zati bakarra ari dira osatzen oraingoz, Pancorbo eta Ameyugo artean, Burgosen guztia. 8,4 kilometro luze da zati hori, eta 391 milioi euroko inbertsioa egingo du Espainiako Gobernuak. Trenbideak egin ahal izateko azpiegiturak eta plataformak eratuko dira lan horietan, baita elektrizitate eta telekomunikazio sareak ere. Lan horiek bukatu ostean hasiko dira trenbideak egiten.

Arabako zatian zailtasun handiagoak izango dituzte enpresek azpiegiturak eraikitzeko, eta horregatik izango da kostua nabarmen handiagoa. Esaterako, zazpi zubibide egin beharko dituzte, Zadorra ibaiaren gainetik pasatzeko, adibidez. Zehazki, zubibideak izango dira zazpi kilometroetako 2,5. Zadorraren gainekoa kilometro bat luze izango da, eta 50 metroko altuera hartuko du gehienez. Espainiako Ministroen Kontseiluak gogorarazi du lan horiek Europako Batasuneko finantzaketa lor dezaketela, Europa Lotu laguntzen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.