Gutxinaka aurrera doa Burgos (Espainia) eta Gasteiz arteko abiadura handiko trenaren eraikuntza. Zazpi zati ditu ibilbideak, eta jada hasiak dira horietako bat eraikitzen, Espainian. Bada, aurreko astean Espainiako Ministroen Kontseiluak baimena eman zion Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioari beste bi zati lizitatzeko, horietako bat Araban. Zazpi kilometro luze izango den trenbide zati horren eraginpean egongo diren kontzejuek proiektua arbuiatu dute, eta beste alternatiba bat eskatu, landa eremua babesteko.
Leziñana Okako eta Manzanoseko kontzejuek eta Erriberabeitiko Udalak sinatu dute oharra. Azaldu dutenez, aspalditik daude Madrilek Gasteiz eta Burgos artean eraiki asmo duen linea berriaren kontra. Izan ere, gogorarazi dute ez daudela abiadura handiko trenaren kontra, baina ez daude ados trazadura berria egitearekin, uste baitute badela «beste modurik». Hori dela eta, hainbat aditurekin batera txosten bat aurkeztu dute, gaur egun bertan dagoen trenbidea berritzeko eta abiadura handiko trenera moldatzeko. Iruñea eta Gasteiz arteko linean ere gauza bera egiteko eskatzen dute Nafarroako elkarte askok, eta proiektu alternatibo bat ere aurkeztu zuten gaur egun Sakana zeharkatzen duen trenbidea moldatzeko.
Haien iritziz, gaur egungo trenbideak, moldaketa batzuk eginda, badu nahikoa ahalmen AHTa, aldiriko trenak eta merkantzia trenak bertatik igaro daitezen. Txostenean argitu dute alternatiba horrek modua emango duela AHTa orduko 220 kilometroko abiaduran joateko. Gainera, ez dute ulertzen nola ekin dioten trenbidearen lizitazio prozesuari eraikuntza proiektua oraindik aurkezteke badago.
«Abandonatuta»
Trenbide alternatiboaren txostena maila guztietako administrazioetan aurkeztu dutela azaldu dute, baina ez dutela erantzunik jaso. Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren partetik «abandonatuta» sentitzen direla adierazi dute: «Ez gaituzte ez entzuten ez defendatzen, eta arazorik gabe egiten dute plataforma berri horren alde, Araban sortuko den orbainari garrantzirik eman gabe».
Tokiko administrazio horien esanetan, AHTak eta antzeko azpiegiturek hiri handiak lehenesten dituzte, «eta landako entitateei ospea eta balioa kentzen diete». Hala, landa eremuko herrietako zerbitzuak kaltetzen dituztela uste dute, baita nekazarien lurrak eta biodibertsitatea ere. Horrek, gainera, landa eremuko biztanleriaren galera are handiagoa bultzatzen duela nabarmendu dute.
Zazpi kilometroko bidea
Manzanos eta Argantzon arteko trenbideak zazpi kilometroko luzera izango du, eta 226 milioi euroren kostua. Zati handi bat zubi altuen bidez egingo dute, eremura moldatzeko; bereziki, Zadorra ibaia gainditzeko. Zazpi zubibide eraiki beharko dituzte —zazpi kilometro horietatik 2,5 hartuko dituzte—. Zadorra gainekoak kilometro bat izango du, eta 50 metroko altuera.