Akordioak hiriburuetan

Gasteizen PSEk PPren babesa behar du alkatetza lortzeko; Iruñean, EH Bilduk PSNrena

Arabako hiriburuan EH Bilduk irabazi du lehen aldiz, baina ikusteko dago alkatetza eskuratuko duen. Nafarroako hiriburuan UPN geratu da aurrena, baina ez du ziurtatua alkatetza. Bilbon eta Donostian EAJko kidea izango da alkatea.

Cristina Ibarrola UPNren Iruñeko alkategaia, kanpainan. IñIGO URIZ, FOKU
enekoitz esnaola
2023ko maiatzaren 28a
22:58
Entzun

Gasteiz
- Hautetsiak.
EH Bilduk 7 aulki (+1 duela lau urtetik), PSE-EEk 6 (berdin), PPk 6 (+1), EAJk 6 (-1) eta Elkarrekin Podemosek 2 (-1).
- Akordioa. Emaitza historikoa lortu du EH Bilduk, lehen aldiz irabazi baititu Gasteizko udal hauteskundeak. Alkatearen inbestidura saioan (ekainaren 17an izango dira), bozetako lehen indarra ez den hautagaitzak gehiengo osoa batu behar du (Gasteizen, 14 boto inbestiduran). Bestela, boto gehien duen zerrendarena izaten da alkatetza. Gasteizi dagokionez, EH Bilduren hurrengo indarrak, PSEk, hautagaitza aurkezten badu, PPren eta EAJren babesa jaso beharko du, edo, bietako batenaren ordez, EPrena —ez dirudi hori gertatuko litzatekeenik—.

Bilbo
- Hautetsiak.
EAJk 12 (-2), EH Bilduk 6 (+2), PSEk 5 (berdin), PPk 4 (+1) eta EP 2 (-1).
- Akordioak. EAJk ez du gehiengo osorik lortu (2019an bai). Hala ere, inbestiduran ez luke arazorik izan behar; ez luke PSEren babesa behar, EAJ ez beste denek ez dutelako bat egingo. Baliteke, gainera, PSEren babesa jasotzea eta udal gobernua osatzea berriz ere.

Donostia
- Hautetsiak.
EAJk 8 (-1 duela lau urtetik), EH Bilduk 8 (+2), PSEk 6 (+1), PPk 3 (berdin), EP 2 (-1).
- Akordioa. Baliteke EAJk eta PSEk berriz bat egitea, eta Eneko Goia (EAJ) litzateke berriz alkatea. Bi alderdien baturak gehiengo osoa ematen die: 14 boto.

Iruñea
- Hautetsiak.
UPNk 8 (2019an Navarra Suma koalizioak 13), EH Bilduk 8 (+1), PSNk 5 (berdin), PPk 2 (2019n NSn), Geroa Baik 2 (berdin), Zurekin Nafarroak 1 (2019an ez zegoen koalizioa, baina horko alderdiek ez zuten hautetsirik lortu).
- Akordioa. Joseba Asironek (EH Bildu), Geroa Bairen edota Zurekin Nafarroaren babesa jasotzeaz gain, PSNrena ere beharko du alkatetza eskuratzeko. 2019an ere hala zen, baina PSNk ez zuen Asiron bozkatu. Ekainaren 17ko inbestidura saioetako arretagune nagusia Iruñea izango da. Historikoa litzateke PSNk EH Bilduko hautagai bat babestea. Kontuan hartzekoa da urte bukaeran Espainiako hauteskundeak izango direla, eta gauza jakina da PSOEko erabakiak Madrilen hartzen direla, eta ez, kasu honetan, PSN-n.

Gasteizen, Donostian eta Iruñean boto denak ez dira oraindik kontatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.