Gasteizko Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak salatu du zortzi familia etxegabetze arriskuan daudela

Arabako hiriburuko bi parrokiaren Berakah programak kudeatzen du eraikina. Sindikatuak kontzentrazioa egingo du gaur 20:00etan.

Etxegabetuko duten San Markos kantoiko eraikina, duela astebete. AUZOAN BIZI
Etxegabetuko duten San Markos kantoiko eraikina, duela astebete. AUZOAN BIZI
Maddi Iturriotz - Isabel Jaurena
2026ko urtarrilaren 12a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berakah programak mehatxu egin die Gasteizko Alde Zaharrean bizi diren zortzi familiari: beren etxebizitzetatik irten ezean —gaur dute azken eguna—, prozesu judizial bat abiatuko du haien aurka. Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuko kideek salatu dute «elkarte solidarioak» familiak etxegabetu nahi dituela, inolako irtenbiderik eskaini gabe: «Bizilagunak haien etxebizitzak utz ditzaten mehatxatzen ibiltzeaz gain, Berakah programa etengabeko presioa eragiten ari da horiengan. Egoeraren berri izanik, bizilagunok argi dugu: erresistentzian jarraituko dugu gure etxebizitzetan!».

Berakah Gasteizko bi parrokiaren programa solidarioa da. Berez, baliabide ekonomikorik ez dutenei harrera eta laguntza ematen die, eta etxebizitza bat eskaintzen die egoera zaurgarrienean dauden zenbait familiari. Sindikatuak sare sozialetan azaldu duenez, programak hiru gutun bidali dizkie familiei etxegabetzearen berri emateko, eta, gainera, kontratuak deuseztatu dizkiete. «Familia horiek, kontratuetan dituzten irregulartasunengatik, ez dituzte maizter batek dituen eskubide berak», gehitu dute. Hala, sindikatuak elkartasunerako deia egin du: kontzentrazioa egingo dute gaur 20:00etan, San Markos kantoian. 

Sindikatuak iazko urriaren amaieran iragarri moduan, etxebizitza oso bat hustu nahi du elkarteak. Ordu hartan sindikatuak salatu zuen legez, kanpoko ekintza bat egin nahi zuen programak: «Ez dute inolako prozesu judizialen berri, eta, beraz, etxegabetzen saiatuko balira, guztiz ilegala izango litzateke».

Bada, hiru hilabete geroago berdin daude. Sindikatuak elkartearen «elkartasunik eza» salatu du: «Karitatearen izenean egiten duten ekintza sozialaren atzean, familiok etengabe presio ekonomikoa jasaten dugu, fakturarik gabeko argindar gastuei aurre egiteko edo kontraturik eta eskubiderik gabeko alokairuak ordaintzeko». Horrekin batera, esan dute familiek ordaintzen jarraitzen dutela, baina Berakah-rentzat ez dela «nahikoa». Eta gauzak horrela, adierazi dute familiek bertan jarraituko dutela.

Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak exijitu du bertan bizi direnek etxebizitza «duina eta iraunkorra» behar dutela, eta halako ekintza ororen aurkako «jarrera hartzeko eta antolatzeko» beharra aldarrikatu. 

Argindarrik gabe

Ez da sindikatuak Berakah salatzen duen lehenengo aldia: Auzoan Bizi elkarteak urteak daramatza «programa solidarioa» salatzen. Aurretik, jendea etxegabetzeko zenbait bide baliatzea leporatu izan dio, tartean argindarra etetea, mehatxatzea edo xantaia egitea. Programak beste hiru familia etxegabetu zituen 2023an.

2022ko apirilean, adibidez, sindikatuak salatu zuen programak familia bat argindarrik gabe utzi zuela. Familiak urtebete zeraman Berakah elkarteak kudeatzen zuen Alde Zaharreko etxebizitza batean bizitzen, eta urte hasieran Berakah elkarteak aldatu egin zituen aurretik ezarriak zituen baldintzak. Etxebizitza sareak esplikatu zuenez, ordutik aurrera familiei eskatzen zieten argindarraren «hileroko gastua prozedura irregularren bidez ordaintzeko». Horrez gain, ordaindu beharreko kopurua mezu bidez jakinarazten zieten, «faktura ofizialik gabe eta familiari informazioa ezkutatuz».

Familiak uko egin zion baldintza irregular horiek onartzeari, eta adierazi ez zutela ordainduko ez bazizkieten agiri ofizialak edo fakturak erakusten. Familiaren erantzunaren ondorioz, eta «hainbatetan mehatxatu ondoren», etxeko argindarra moztu zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.