Gasteizko errefuxiatuen zentroak gehienez berrehun toki izatea onartu du Espainiako Gobernuak

Gasteizko alkatea pozik dago, Espainiako Gobernuak bere eskaera kontuan hartu duelako. EH Bilduk eta Sumarrek Etxebarria kritikatu dute bere kabuz aritzeagatik, eta atzo PSErekin adostutako proposamenari eutsi diote.

Gasteizko Arana zentroaren obrak. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko Arana zentroaren obrak. GASTEIZKO UDALA
kristina martin
2025eko urriaren 31
15:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errefuxiatuak artatzeko Gasteizko Arana zentroak gehienez berrehun toki izatea onartu du Espainiako Gobernuak. Gasteizko alkate Maider Etxebarria pozik azaldu da gaur, udalak Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari irailean helarazitako aldarrikapen nagusia kontuan hartu duelako. EH Bilduk eta Sumarrek kritikatu egin dute alkatearen jokaldia, eta berretsi egin dute atzo EH Bilduk, PSEk eta Sumarrek lortutako akordioaren balioa. Hiru alderdi horiek jarrera bateratua lortu zuten Arana zentroaren inguruko eztabaida eta adostasun instituzionala aldarrikatzeko.

Izan ere, atzoko osoko bilkuran ziren eztabaidatzekoak PPk eta Voxek errefuxiatuak artatzeko zentro hori egin ez dezaten eskatzeko aurkeztutako proposamenak, baina ikusirik EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek elkarrekin aurkeztutako zuzenketa onartuko zela, PPk bere ekinaldia erretiratzea erabaki zuen, eta ez zen eztabaidarik izan.

Espainiako Gobernuak 2023an jakinarazi zuen Arana klinikaren eraikin zaharrean 350 tokiko errefuxiatuentzako zentroa eraikitzeko asmoa zuela. Ez zuen proposamena landu euskal erakundeekin, ezta gizarte eragileekin ere, eta, horregatik, egitasmoak polemika piztu izan du, batzuek eta besteek ez baitute begi onez ikusten zentroaren tamaina eta sustatu nahi den harrera eredua.

Hala, Eusko Legebiltzarreko indar politikoen artean iritzi desberdinak daude: EAJk, alde batetik, ez du gustuko «makrozentroan eredua». EAJko ordezkariek behin baino gehiagotan adierazi dute zentro txikiagoen aldekoak direla, errefuxiatuei harrera egiteko modu egokiagoa dela iritzita. PSEk, EH Bilduk eta Sumarrek jarrerak bateratzeko eta ikusarazteko ahalegin bat egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, baina PPren jokaldi batengatik, proposamena ez zen bozkatu.

Gasteizko alkatearen proposamenak

Gasteizko Udalak gaur azaldu ditu alkateak Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioaren emaitzak. Hala, Arana zentroak gehienez berrehun leku izango ditu, eta ez hasieran iragarritako 350 plaza, eta apurka-apurka hartuko ditu errefuxiatuak, hau da, zabaltzen duenean ez ditu toki guztiak aldi berean beteko. Gainera, Maider Etxebarria alkateak argitu duenez, auzotarrek erabili ahalko dituzte eraikin berrituaren gela batzuk, hala nola liburutegia eta kirol instalazioak, «integrazioa sustatze aldera».

Udalak gogorarazi duenez, irailean Maider Etxebarriak eta Elma Saiz Espainiako Migrazio ministroak Madrilen izandako bileran helarazi zizkion alkateak zenbait eskaera, eta batzuk kontuan hartu dituelako pozik azaldu da alkatea.

EH Bilduk deitoratu egin du Etxebarriaren jokaera. Rocio Vitero koalizio subiranistak Gasteizko Udalean duen bozeramailearen esanetan, alkateak «ez du ulertu PSE-EErekin eta Sumarrekin Aranako zentroaren inguruan lortutako akordioaren edukia eta funtsa».

EH Bildu eta Sumar, elkarrizketa sustatzearen alde

Maider Etxebarria bere kasa negoziatzen aritzea arbuiatu du Viterok. «Kontua ez da berak ministerioarekin Madrilen adosten duena, baizik eta elkarrizketa instituzional eta sozial bat irekitzea, Migraziorako Euskal Itun Sozialean eta harrerarako euskal ereduan txertatuko den proiektu bat adosteko gai izango dena».

Viterok nabarmendu duenez, hiru alderdiek atzo adostutako testuaren edukia oso argia da: «Estatuko gobernuari eskatzen dio jarrera aldatzeko, eta elkarrizketa eraikitzaileari ekiteko Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin». Nolanahi ere, EH Bilduk jarraituko du «adostasunerako guneak eraikitzen, nahiz eta alkatea horiek lehertzen tematu».

Iritzi berekoa da Sumar alderdia. Jon Hernandez legebiltzarkidearen hitzetan: «Atzo planteatu genuen erakundeen arteko elkarrizketa bat egon behar zuela». Gasteizko alkateak iragarri duen toki murrizketa eginda ere, haren aburuz, horrek ez dio erantzuten «ez elkarrizketaren eskaerari, ezta zentroa birplanteatzeko aldarrikapenari ere».

Hernandezen esanetan, alkatearen iragarpen horrek ez du ordezkatzen hiru alderdien arteko eskakizun bateratua. «Berresten dugu erakundeen artean elkarrizketa bat egon behar dela zentro hori berriro formulatzeko, migratzaileen giza eskubideak erabat errespetatzen dituen eredu batean oinarrituta, eta baita eskuina gai horri buruz egiten ari den erabilera hori amaitzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.