EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek salatu dute «azpijoko parlamentarioak» erabili direla errefuxiatuen zentroari buruzko eztabaida saihesteko

PPk Aranako zentroari buruzko ekinaldia erretiratu ondotik, hiru alderdiek agerraldi bateratua egin dute Eusko Legebiltzarreko «gehiengo aurrerakoiaren» izenean. Aranako zentroari buruzko eztabaida «erantzukizunez» jorratzeko eskatu dute.

Patricia Campelo (PSE-EE), Jon Hernandez (Sumar) eta Amancay Villalba (EH Bildu) gaurko prentsaurrekoan. EZKER ANITZA
Patricia Campelo (PSE-EE), Jon Hernandez (Sumar) eta Amancay Villalba (EH Bildu) gaurko prentsaurrekoan. EZKER ANITZA
edurne begiristain
2025eko urriaren 30a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko irudia ikusi da gaur Eusko Legebiltzarrean: EH Bildu, PSE-EE eta Sumar alderdiek prentsaurreko bateratua egin dute, Arana errefuxiatuen zentroaren inguruan duten adostasuna bistaratzeko, eta Eusko Legebiltzarrean egitekoa zen eztabaida bertan behera geratu izana salatzeko.

Gaurko osoko bilkuran ziren eztabaidatzekoak PPk eta Voxek zentro hori egin ez dezaten eskatzeko aurkeztu dituzten proposamenak, baina ikusirik EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek elkarrekin aurkeztutako zuzenketa onartuko zela, PPk bere ekinaldia erretiratzea erabaki du, eta ez da eztabaidarik izan. Horri erantzuteko, batera agertu dira komunikabideen aurrean Amancay Villalba (EH Bildu), Patricia Campelo (PSE-EE) eta Jon Hernandez (Sumar), premiaz deitutako prentsaurreko batean. «Azken orduko azpijoko parlamentario harrigarri baten bidez, Eusko Legebiltzarreko gehiengoak asilo eskatzaileen harrerari eta Aranako nazioarteko babes zentroaren proiektuari buruzko jarrera eraikitzailea adieraztea saihestu nahi izan da», salatu dute.

Galderarik gabeko agerraldia izan da, eta euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako adierazpena irakurri besterik ez dute egin legebiltzarkideak. Adierazi dutenez, hiru taldeek legebiltzarreko «gehiengo aurrerakoia» islatzen dute, eta euren konpromisoa da asilo eskatzaileen harrerari eta zentroari buruzko eztabaida «erantzukizunez» jorratzea, giza eskubideak, elkarrizketa, eta adostasun sozial eta instituzionala oinarri hartuta.

EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek ohartarazi dute «autoritarismoaren gorakadak» baldintzatutako «garai ilunak» direla egungoak, eta horregatik beharrezkoa dela «arduraz» jokatzea. Hori dela eta, gogor kritikatu dituzte Arana zentroaren inguruko eztabaidan «interes alderdikoak» lehenesteagatik kohesio soziala arriskuan jartzen dituzten jarrerak eta diskurtsoak. «Denak ez du balio boto eskukada baten truke», ohartarazi dute.

Adierazpena irakurri ondotik, hiru taldeen artean adostutako erdibideko zuzenketa irakurri dute.

PPren mugimendua

Errefuxiatuak artatzeko Gasteizko Arana zentroari buruz eztabaidatzekoak ziren gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, baina PPk atzo arratsaldean erretiratu egin zuen proiektua bertan behera uzteko eskatzen zuen legez besteko proposamena, eta, horrenbestez, gaur ez dute gaia eztabaidatuko.

EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek erdibideko zuzenketa bat adostua zutela jakin ondoren iritsi da PPren erabakia. Hiru taldeek jarrera bateratua defendatu behar zuten gaurko saioan; zehazki, adostutako testuan Espainiako Gobernuari eskatzen diote «elkarrizketa eraikitzaileari» ekin diezaiola Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin, Arana zentroaren proiektuaren inguruan ados jartzeko. EH Bilduren, PSE-EEren eta Sumarren arteko akordioak aurrera egingo zuela ikusirik erabaki du PPk berea erretiratzea eta eztabaida bertan behera uztea.

Nolanahi ere, Voxek bilkurara eramango du gaia, ez baitu erretiratu bere legez besteko proposamena. Harrera zentroa atzera botatzeko eskatuko du Voxek gaurko bilkuran, baina, ohi denez, taldeek ez dute parte hartuko alderdi horrek sustatutako eztabaidan. Inork ez dio zuzenketarik aurkeztu proposamenari, eta bere horretan geratuko da.

Arrakala Jaurlaritzan

Espainiako Gobernuak errefuxiatuentzako zentroa Gasteizko Arana klinika zaharrean egin nahi zuela jakin zenetik, arrakala sortu da Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien artean, EAJren eta PSE-EEren artean. Izan ere, ez datoz bat harrera zentroaren ereduan. Jeltzaleek osoko zuzenketa bat jarria zioten PPren proposamenari; haien ustez, Espainiako Gobernuak «inposatutako» zentro bat da, eta ez dator bat «harrerarako euskal ereduarekin». Zentro txikiagoen alde egiten dute jeltzaleek, eta gaurko eztabaidan Aranako proiektua bertan behera uzteko eskatu behar zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.