Espainiako Parlamentuan etxebizitza dekretuak bozkatzen ari zirelarik, Gasteizko familia bat etxegabetu dutela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ohar bidez kontatu dutenez, 13:00 aldera dei bat jaso dute, etxetik botatzen ari ziren familia batena; sindikatuko kideak etxera ailegatu orduko, baina, etxetik kanpo zeuden.Â
«Familiak ez ditu bost minutu baino gehiago izan gauza pertsonal guztiak hartu eta etxetik ateratzeko. Bi adingabe ditu familiak, eta atzo bertan jakinarazi zien haien abokatuak etxegabetzearen berri», adierazi du sindikatuak. SIndikatuko kideek adierazi dute gaurkoak ere erakutsi duela «borroka eta antolaketa» ezinbertzekoak direla, eta dei egin dute arratsaldean eginen diren mobilizazioetara joateko.
Hain zuzen, sindikatuek deialdi bateratua egin dute gaur «espekulazioaren kontrako eta etxebizitza eskubide bermatuaren aldeko» manifestazioak egiteko Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 19:00etan. Horrez gain, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mantendu egin ditu gaurko antolatuak zituen herri batzarrak, baina ordubete aurreratu ditu, 18:00etara: Bilbon, Santiago plazan; Gasteizen, Farol Handian; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, Gazteluko plazan.
Â