Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanblada herritarrak eginen ditu urriaren 2an

Sindikatuak adierazi du etxebizitzaren egoera «jasanezina» dela eta indarrean diren neurriek ez diotela horri aurre egiten.

 Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren prentsaurrekoa gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren prentsaurrekoa gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko irailaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Espekulatzaileak desjabetu, espekulazioa debekatu, eta behar sozialen arabera planifikatu». Neurri horiek planteatu ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitza eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, etxegabetzeei aurre egiteko antolatzea ezinbertzekotzat jo du sindikatuak. Izan ere, azken hamar urteetan 11.559 etxegabetze izan dira Hego Euskal Herriko lurraldean; bertzela erranda: egunero, batez bertze, 3,6 etxegabetze gauzatzen dituzte, sindikatuaren erranetan. Horiek horrela, sindikatuaren aldarrikapenen berri izan eta borroka antolatzeko asanbladak eginen dituzte urriaren 2an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Gaur goizean Gasteizen egin duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, «egoera jasanezina» da: atzo bi adingabe dituen familia bat etxegabetu zuten Gasteizen eta azken hilabeteetan kale gorrian bizi ziren hiru pertsona hil dira Donostian. Bien bitartean, «dirua langile klasearen sakeletatik bankuetara, funts putreetara eta etxejabeetara doa». Sindikatuak dio indarrean diren neurriek ez diotela etxebizitzaren krisiari aurre egiten, eta konponbidea langile klaseari esker lotuko dela; horregatik antolatu dituzte urriaren 2ko bilkurak. 

Azaldu dutenez, saio horietan, sindikatuaren proposamenak ez ezik, datozen hilabeteetan eginen dituzten mobilizazioak izanen dituzte solasgai. Finean, helburua izanen da etxegabetzeei aurre eginen dien eta etxebizitza eskubidea bermatuko duen mugimendu baten eraikuntzan pausoak ematea. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA