«Ezin ditugu gasteiztarrak txosna giroan parte hartzera gonbidatu eta aldi berean herri mugimenduan errotuta dauden kolektiboei parte hartzeko eskubidea ukatu. Ez ditugu halako zentsurak onartzen, ez honetan eta ez beste eremuetan ere». Irmo eta argi mintzatu dira Gasteizko herri mugimenduko hainbat kide eskutitz batean Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistako eragileei ezartzen zaien «blokeoa» amai dadila eskatzeko. Gasteizko Florida parkean egindako agerraldian, gutun bat irakurri dute salatzeko azken urteetan GKSri eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari hiriko txosnetan parte hartzeko aukera ukatu zaiela, eta egoera horri irtenbidea ematea galdegiteko.
Ikusi gehiago
Gasteizko txosna batzordeari idatzitako gutuna honako hauek sinatu dute: Iñaki Uribarri, Nerea Perez, Kike Fernandez de Pinedo, Ilde Urkijo, Txerra Bolinaga, Miguel Sagarribai, Ruben Sanchez, Gladis Giraldo, Irati Fernandez de Okariz, Ana Pino, Andoitz Aperribai, Bego Oleaga, Eli Zaldua, Imanol Olabarria, Fernando Antia Txiki, Iñaki Perez Txusko, Javi Aguillo, Lucia Moreno, Oier Azkarraga, Paka Robles eta Rebeka Gonzalez de Alaiza.
Sinatzaileek nabarmendu dute txosnak Gasteizko herri mugimenduaren borrokaren emaitza direla, eta azken lau hamarkadetan izaera «herrikoi, ireki eta parte hartzailea» mantendu dutela. Haien esanetan, historikoki herri mugimenduko sentsibilitate politiko ezberdinek izan dute bertan jarduteko aukera, eta, ezberdintasun ideologikoen gainetik, elkarlanerako oinarriak eraiki izan dira.
Elkarlana eta konfiantzaren kaltetan
Gutunean gogorarazi dute agerraldian bildutako hainbat lagunek urte luzez parte hartu dutela txosnen jardunean, besteak beste haiek muntatzen, txandak osatzen eta jarduerak antolatzen. Haien ustez, GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari parte hartzeko eskubidea ukatzen jarraitzeak ez du laguntzen herri mugimenduaren garapenean, «ezta elkarlanerako, konfiantzarako eta elkarrekiko errespeturako bideak indartzen ere».
«Ezin ditugu gasteiztarrak txosna giroan parte hartzera gonbidatu eta aldi berean herri mugimenduan errotuta dauden kolektiboei parte hartzeko eskubidea ukatu»GASTEIZKO HERRI MUGIMENDUKO KIDEAK
Haien ustez, gertatzen ari dena «ezohiko egoera politikoa» da, eta ezinbestez behar du behin betiko irtenbidea ematea. «Kolektibo horiek bertan parte hartu behar dutela iruditzen zaigu, txosna batzordea osatzen duten talde ezberdinek dauzkaten baldintza berberetan». Horrez gain, azaldu dute halako bazterketak ez dituztela onartzen, eta adierazi dute txosnen etorkizuna «kooperazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatuan» oinarritu behar dela.
Horren harira, txosna batzordea osatzen duten kolektiboei eskatu diete ahaleginak egin ditzatela «desadostasun ideologikoen gainetik» elkarlanerako oinarri adostu bat eraikitzeko. Haien iritziz, horrek modua emango luke txosnak «eremu ireki, alternatibo eta autogestionatua» izaten jarraitzeko.
Sinatzaileek azaldu dute konponbide baten aldeko kontsentsua sustatzen jarraituko dutela datozen asteetan. Gogorarazi dute 2023an antzeko eskaera batek herri mugimenduko 50 lagunen baino gehiagoren babesa jaso zuela. Era berean, iragarri dute Gasteizko jaiak iritsi arte egoera sozializatzen eta babes gehiago biltzen jarraituko dutela, «blokeo egoera» gainditzeko asmoz.