Gasteizko lorezainek eta enpresak akordio proposamen bat adostu dute

Sei hilabeteko greba mugagabeari amaiera emango diote hala. Langileen batzarrak bihar bozkatuko du akordioa.

Gasteizko lorezainen manifestazio bat, uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen manifestazio bat, uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 6a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko lorezainen greba batzordeak eta Enviser enpresak akordio proposamen bat adostu dute gaur Preco Lan Harremanen Kontseiluan, eta, beraz, amaitu egingo da beharginek martxoaren 26an abiatutako greba mugagabea. ELA, LAB eta ESK sindikatuek babestu dute akordioa, eta orain langileen batzarrak bozkatzea baino ez da falta. Ziurtzat jo dute akordioak langileen oniritzia jasoko duela, hiru sindikatuek proposamenaren alde egin baitute. Bihar egingo dute bozketa, 16:30etik aurrera. Sindikatuak baikor dira, eta uste dute akordioak langileen babes zabala lortuko duela.

Irailaren 26an sei hilabete bete ziren Gasteizko parkeak, lorategiak eta Eraztun Berdea mantentzeaz arduratzen den Enviser enpresako lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik, eta langileek joan den astean iragarri zuten gose greba bat abiatuko zutela akordiorik lortzen ez bazuten. 

Alabaina, hori iragarri eta biharamunean, bi aldeek jarrerak hurbildu zituzten, eta langileak baikor mintzatu ziren gaurko batzarrari begira. Gaurko bilera luzea izan da —hiru ordu eta erdi iraun du— baina eman ditu fruituak. Gasteizko Udalak, gainera, kontratuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu du 2027. urtetik aurrera ere —indarrean den kontratua datorren urtean amaituko da—.

Ez dituzte azaldu zeintzuk diren adostutako oinarrizko akordioaren nondik norakoak. Hala ere, orain arte lorezainek egindako aldarrikapenak bi izan dira nagusi: estatuko lan hitzarmenean galdutako erosahalmena berreskuratzea eta soldata «duinak» izatea. Izan ere, greba batzordeak eta ELA, ESK eta LAB sindikatuek azken hilabeteotan jakinarazi dute azken urteetan langileek erosahalmenaren %13 baino gehiago galdu dutela, hau da, urtean 3.000 euro inguru langile bakoitzeko. 

Soldatak igotzearekin batera, bestelako eskaerak ere egin dituzte lorezainek: besteak beste, lanaldiak udaleko langileekin parekatzea eta murriztea, kontziliazioa erraztea, eta batzar sindikalerako eta laguntza medikorako orduak aitortzea. 

Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, Gasteizko Udalak ontzat jo du akordio proposamena, eta azaldu du «urrats garrantzitsua» dela zerbitzuaren «normalizaziorako» eta hartutako konpromisoak betetzeko. «Albiste ona da hiri osoarentzat, baita langileentzat eta enpresarentzat ere, oso hilabete gogorrak bizi izan baitituzte. Bihar langileek akordioa berretsi egingo dutela espero dugu», esan du. 

Halaber, greba luzea izan dela erran du, eta hirian «eragin nabaria» izan duela, «baita inoiz gertatu behar ez ziren gertakariekin ere». Hain justu, lan aldarrikapenekin zerikusirik ez duten gertaerez ari da Artolazabal: «Alkateari eta niri eraso zaigu, eta mehatxuak eta presio pertsonalak jasan ditugu. Irmotasun osoz arbuiatzen ditut; ez dago halakorik justifikatzen duen arrazoirik». Batzarrak baldintzak onartuko dituela espero du. Jakinarazi du, halaber, akordioak ekarriko dituen lan konpromisoak eta hobekuntzak euren gain hartuko dituztela, eta 2028an sartuko direla indarrean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.