Gasteizko lorezainen greba mugagabearen amaiera gertu egon liteke. Hala adierazi dute greba batzordeko kideek gaur, Enviser enpresarekin bildu eta gero. Goizean lau orduz batzartu dira bi aldeak Preco Lan Harremanen Kontseiluan — zazpigarrena, greba mugagabea hasi zutenetik— eta bileratik baikor atera dira langileak. Ez dituzte negoziazioak erabat desblokeatu, baina adierazi dute akordiorako «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dituztela.
Ikusi gehiago
Bi aldeek jarrerak hurbildu dituzte, batez ere lorezainen soldaten igoerari dagokionez. Izan ere, esparru sozialari eta lizentziei lotutako puntuak bideratuta dauzkate. Azken sei hilabeteetan blokeatuta izan dira negoziazioak, baina gaurko batzarrean jarrera aldaketa bat sumatu diote enpresari, eta pozik daude beharginak. Hala ere, zuhurtzia eskatu dute, akordiorik ez baitute egin. Astelehenean berriro batzartuko dira bi aldeak.
Lorezainek atzo iragarri zuten gose greba bat abiatuko zutela gaurko bileran akordiorik lortu ezean, baina oraingoz ez dute halakorik abiatuko, akordiorako zumeak badirela irizten diotelako.