Berriro bildu dira Gasteizko lorezainak eta Enviser enpresa Precon, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzuan, eta berriro ere akordiorik gabe amaitu dute bilera. Horrenbestez, lorezainek greban jarraituko dute; dagoeneko lau hilabete iraun du lanuzteak.
Hiru aste zeramatzaten bi aldeak batzartu gabe, eta gaur goizean bildu dira greba batzordeko ordezkariak Enviser enpresakoekin —hura arduratzen da Gasteizko lorategiak eta parkeak mantentzeaz—. Haatik, batzarrean ez da «aurrerapauso esanguratsurik» eman, ELA, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez. Hiru sindikatuek salatu dute enpresak «zertxobait» aldatu duela 2026rako eta 2027rako mahai gainean jarrita zeukan eskaintza, eta 2028rako egindako proposamena Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuordetzak egindakoa baino «eskasagoa» izan dela. Azken eskaintza hori «bereziki larria» dela iritzi diote; izan ere, enpresak adierazi du Gasteizko Udalaren erantzukizuna dela urte horretarako soldata igoerari eta lanaldi murrizketari mugak ezartzea.
Ikusi gehiago
Gaur goizean, Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi du akordioa ezinbestekoa dela, «ulertezina» delako greba hainbeste luzatzea. Era berean, ziurtatu du proposamen bat egon dela mahai gainean, eta sindikatuek baztertu egin dutela «kalkulu politikoengatik». Adierazpen horiei erantzun diete lorezainek: «Ulertezina zera da, Gasteizko Udalak hurrengo kontratuan bere gain hartuko dituen hobekuntzei muga bat jartzea».
Atxikimendu sinadurak
Hilabete hauetan guztietan herritarrengandik jasotako babesa eskertu dute lorezainek, eta iragarri dute bihar goizean udal bulegoetan erregistratu egingo dituztela gasteiztarren artean bildutako atxikimendu sinadurak. Goizeko hamarretan aurkeztuko dituzte sinadurak.
Ekainaren erdialdean, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak, eta hiriko parke handienetako eta errepide bazterretako belardiak mozteko agindu zien lorezainei. Orain, gutxieneko zerbitzu horiek Eraztun Berdean ezartzeko agindu du gobernuak, baina sindikatuek kritikatu egin dute neurri hori, ez dagoelako gutxieneko zerbitzuen aginduaren barruan. Uste dute udalaren eta enpresaren asmoa ez dela gatazka konpontzea, «euren baldintzak langileei ezartzea baizik».