Artium museoaren aurrealdean ez dago ia belardirik. Zuhaitz bakan batzuk baino ez daude, eta hiriko lorezainen greba mugagabea ez da horren nabarmena han. Hiriko beste leku batzuetan, ordea, agerikoa da denbora dela lorezainak ez direla pasatu: eroritako adarrak jaso gabe daude, eta belarrak, jori. Kontrastea are handiagoa da gutxieneko zerbitzuen barruan sartu zituzten belardietan; izan ere, zenbait lekutan bazterrak bakarrik txukundu dituzte, eta azkar jabetzen da edonor zenbat hazi den belarra.
101 egun daramatzate greban Gasteizko lorezainek. Udalak Enviser izeneko enpresa baten esku utzi zuen zerbitzua, eta bertako langileak kexu dira ordutegi luzeak eta, bereziki, soldata txikiak dituztela. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena eskatzen dute, eta, hori lortzeko, greba mugagabeari ekin zioten martxoaren 26an.
Akordioa lortzeko «oztopo nagusia» soldaten arloan dagoela diote beharginek. Estatuko hitzarmena dute Enviserreko langileek, eta langile gehienen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak dira, eurek emandako datuen arabera.
«Etorkizunean gertatzen dena gertatzen dela ere, Gasteizko lorezainek dagoeneko irabazi dugu», esan du Iñigo Lopez de Arroiabe lorezainen bozeramaileetako batek. «EAJk eta PSE-EEk nahi adina luzatu dezakete agonia, baina ez dute beste erremediorik izango denontzat duinak diren lan baldintzak eta soldatak bermatzea baino». Gatazka konpontzeko bide bakarra dela azpimarratu du. «Horrela izango da, lehenago edo geroago».
Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak astelehenerako deitu ditu bi aldeak. Lehendik ere Jaurlaritzaren menpekoa den lan gatazkak ebazteko prozeduraren arabera ari dira bilerak egiten, baina langileak kexu dira Enviserrek ez duela negoziatzeko borondaterik. Udala, berriz, «konplize» jo dute. «Inbertsio funts estatubatuar baten jabetzako enpresa baten interesetara makurtu dira».
Indartsu sentitzen dira
Protestari ehun egun eustea ez dela erraza izan aitortu du Lopez de Arroiabek. «Azken asteetan gehiegizkoak diren gutxieneko zerbitzuak egitera behartu gaituzte, eta udalaren eta enpresaren presioa eta mehatxuak areagotu egin dira». Greba eskubidea mugatu dietela kexu dira langileak: euren ustez, ez dira oinarrizko zerbitzu bat, eta, hortaz, gutxieneko zerbitzurik ez dutela egin behar diote; baina Eusko Jaurlaritzak esku hartu zuen duela aste batzuk, eta suhiltzaileen eta trafiko arduradunen txosten banatan oinarrituta, Gasteizko bost parke nagusietako eta errepide bazterretako belarra mozteko, jasotzeko eta garbitzeko agindu zuen, segurtasuna argudiatuta. Suteak pizteko eta istripuak izateko arriskua «handia» zela zioten txostenek.
Poliziak gainbegiratuta irten dira lanera orduz geroztik. Haserre hitz egin du Lopez de Arroiabek: «Errepresioa eta jazarpena etengabea izan da kolore guztietako polizien aldetik». Euren borroka «kriminalizatzen» saiatu direla esan du. «Ezin izan gaituzte gelditu, eta ez gaituzte geldituko, nahiz eta biktimizatzen eta giroa kakazten saiatzen ari diren».
Estrategia horrekin lotu du Judimendi auzoko San Joan suan gertatutakoa: burua estalita zeramaten bi lagunek Beatriz Artolazabalen aurpegia zuen eta Beatriz kapar idatzia zuen panpina bat erre zuten. Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateordea eta Eremu Publikoko zinegotzia da, eta haren eskumenetan dago lorezainen kontratazioa. «Indarkeria» kasua izan zela salatu zuen Artolazabalek, eta Gasteizko Udalbatzak gaitzespen ohar bat onartu zuen, EH Bilduren babesik gabe. «Adierazpen askatasunak eta protestarako eskubideak ezin ditu zuritu horren ekintza larriak. Gasteiz bezalako errespetuzko hiri batean halako indarkeria kasuek ez dute tokirik», zioen oharrak. Lekukoen arabera, inor gutxik txalotu zituen Artolazabalen panpina erre zuten gazteak, eta arbuiatu ere ia ez zuten egin.
Gasteizko herritarren babesa dutela baieztatu dute langileek. Gaur manifestazioa egin dute, Artiumetik Gaztetxeraino, eta ataria jendez bete da. Are, manifestazioaren ostean elkartasun jaialdi bat antolatu dute, eta orduan ere bete egin da gaztetxeko patioa. Protestan bidelagun izan dituzte, besteak beste, pentsiodunak eta estolderietako garbiketa zerbitzuko kideak. Horien egoera ere antzekoa da: Gasteizko Udalak Sacyrren esku utzi zuen zerbitzua, eta egun greban daude, soldatak «txikiegiak direlako Euskal Herriko errealitatea aintzat hartuta».