Gasteizko lorezainek ez dute Jaurlaritzaren proposamena onartu, eta greban jarraituko dute

Langileen arabera, soldatei buruzko proposamena ez da nahikoa. Bihar berriro bilduko dira Lan Saileko arduradunekin eta Enviser enpresarekin, zeina proposamena onartzeko prest agertu den.

 Gasteizko lorezainen manifestazioa, joan den ostiralean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen manifestazioa, joan den ostiralean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko uztailaren 8a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Hartu dute erabakia: greban jarraituko dute. Gasteizko lorezainek batzarra egin dute gaur, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak egindako proposamena onartu edo ez erabakitzeko eta, hala, grebari eutsi edo ez adosteko. Bada, ez dute proposamena bozkatu ere egin: greban jarraitzea erabaki dute, eta dagoeneko ehun egun baino gehiago irauten ari da lanuztea.

Lan baldintza duinak exijitzeko, langileak greba mugagabean daude martxoaren 26tik. Are, erosteko ahalmena bermatuko duten soldata igoerak eskatu dituzte 2023tik, eta lanaldia 1.592 ordura murriztea, udaleko langileen pareko jardunaldia izateko. Enviser enpresak —hura arduratzen da Gasteizko lorategiak eta parkeak mantentzeaz— , baina, oraingoz ez ditu eskaerak aintzat hartu. Are, langileek udalari leporatu diote enpresaren alde aritu dela eta ez duela bitartekaritzarik egin, zerbitzua azpikontratatu duen erakundea bera bada ere.

Langileen (ELA, LAB eta ESK) eta Enviser enpresaren ordezkariak behin baino gehiagotan elkartu dira Lan Gatazkak Ebazteko prozeduraren barruan. Atzo, ordezkariak Lan Saileko arduradunekin bildu ziren, eta Jaurlaritzaren proposamena aztertuta, gaur arratsaldean langileen batzarra egitea erabaki zuten, proposamena hori onartu edo ez erabakitzeko.

«Grebak aurrera jarraituko du, eta ikusiko dugu bihar zer gertatzen den; horren arabera hartuko ditugu erabakiak»

ANDONI CASTROELA sindikatuko ordezkaria

Enviser prest agertu da proposamena onartzeko. Langileak, ordea, ez. Andoni Castro ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, langileek ez dute nahikotzat jo Eusko Jaurlaritzaren soldatei buruzko proposamena. Eusko Jaurlaritzak proposatu du iazko KPIa gehi %2,2ko igoera urte honetarako; %2koa hurrengo urtean eta 2027an; eta oinarrizko soldata urtean 2.250 euro igotzea 2028an. Soldatez gain, urteko ordu kopuruari eta erretiro partzialei buruzko neurriak ere proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak. «Gainerako puntuetan nahiko ados egon gaitezke, akordiotik gertu, baina soldatei buruzko proposamena ez da nahikoa», zehaztu du Castrok.

Langileak eta enpresa bihar bilduko dira berriro Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko ordezkariekin. «Grebak aurrera jarraituko du, eta ikusiko dugu bihar zer gertatzen den; horren arabera hartuko ditugu erabakiak», azaldu du ELAko ordezkariak.

Manifestazioa 101. egunean

Ehun egun hauetan, langileak ez dira geldirik egon. Joan den ostiralean, esaterako, manifestazioa egin zuten, grebaren 101. egunean. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena exijitu zuten, eta gatazka luzatzea leporatu zieten Enviserri eta udalari.

San Joan bezperan, Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziaren aurpegia zuen eta Beatriz kapar idatzia zuen panpina bat erre zuten langileek. Gertakari hura gaitzetsi zuen zinegotziak, baita espazio publikoan izandako «mezu iraingarriak» ere. Horrez gain, EH Bilduren babesik gabe, panpina erre izana gaitzesteko adierazpena onartu zuten udaleko PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin alderdiek: «Adierazpen askatasunak eta protestarako eskubideak ezin dute ekintza onartezin hau babestu».

Ekainaren erdialdean, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak, eta lorezainei agindu zien hiriko parke handienetako eta errepide bazterretako belardiak mozteko. Jaurlaritza bi iritzitan oinarritu zen erabakia zuritzeko. Batetik, Gasteizko suhiltzaileen buruak dio suteak izateko arriskua «handia» dela. Bestetik, Gasteizko Udaleko Trafiko sailaren arabera, hiriko zenbait tokitan belarrek errepideko seinaleak ezkutatu dituzte, eta istripuak gertatzeko arriskua handiagoa da.

Udalak berak egin zion eskaria Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko zerbitzuak ezarri baino aurreko astean. Enviser enpresak ere gauza bera egin zuen. Lorezainek, baina, aurka hitz egin zuten, «oinarrizkoak» ez zirela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.