Artolazabalek eta Gasteizko Udalak gaitzetsi egin dute haren aurpegia zuen panpina erre izana

Gasteizko Judimendi auzoko San Joan suan erre dute panpina. Espazio Publikoaren zinegotziak esan du pertsona bat haren kargu publikoagatik seinalatzea «indarkeria sinbolikoa» dela.

Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoaren zinegotzia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoaren zinegotzia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 24a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

San Joan bezpera ospatzeko, suak piztu zituzten atzo Euskal Herriko hainbat txokotan. Hala egin zuten Gasteizko Judimendi auzoan ere, eta greban dauden lorezainek Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziaren aurpegia zuen panpina bat erre zuten. Panpinaren ondoan «Beatriz akaina» zioen afixa bat ere jarri zuten. Gertakari hura gaitzetsi du zinegotziak, baita espazio publikoan izandako «mezu iraingarriak» ere.

Panpina erre izana gaitzesteko adierazpena onartu dute udaleko PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin alderdiek. «Adierazpen askatasunak eta protestarako eskubideak ezin dute ekintza onartezin hau babestu», jaso dute testuan. Arduraz jokatzeko deia egin dute, horrelako ekintzak desagerrarazteko: «Kritikarako eta protestarako eskubidea defendatzen dugu, baina errespetuz eta modu baketsuan egiten bada».

Artolazabal
Beatriz Artolazabalen aurpegia zuen panpina erre zuten atzo, Gasteizen. BEATRIZ ARTOLAZABAL

EH Bilduk ez du bat egin adierazpenarekin. Erabaki hori deitoratu du Artolazabalek, eta esan du «indarkeria gaitzetsi egin behar dela beti, edonork eginda ere». «Batzuek kaputxa janzten dute eta beste batzuk isildu egiten dira. Baina isiltasuna ere erantzule da», nabarmendu du. EH Bilduk, berriz, elkartasuna adierazi dio zinegotziari ohar bidez, eta lan gatazken esparruan udaleko kideen kontrako ekintzak amaitzeko eskatu du. Era berean, lorezainen grebarekin zerikusia duten alde guztiei arduraz jokatzeko eskatu die, eta negoziazio bide guztiak aztertzeko, grebari amaiera emango dion eta alde guztiak asebeteko dituen akordio bat lortzeko.

Pintaketak eta paskinak

Artolazabalek «indarkeria sinbolikoa, jazarpena eta larderia pertsonala» salatu ditu. Adierazi duenez, panpina erretzeaz gain, pintaketak ere egin dituzte, eta paskinak jarri dizkiote etxean; haren arabera, ekintza horiek kritika legitimoaren muga gainditu dute. «Desadostasuna bizitza demokratikoaren parte da; baina pertsona bat bere kargu publikoagatik seinalatzea, karikaturizatzea edo jazartzea ez da protesta bat: indarkeria sinbolikoa da, onartezina», esan du.

Gasteizko lorezainek 85 egun baino gehiago daramatzate greban, lan baldintza hobeak eskatzeko. Eta haserre daude. Joan den astean, esaterako, udalaren osoko bilkuran izan ziren. Agerraldia bukatu eta gero, paperak bota eta udaletxetik atera ziren. Salatu zutenez, udala uko egiten ari zaio bere ardurari, eta ez du benetako konponbiderik eskaintzen lan gatazka konpontzeko. Are, gatazkak konpontzeko eta diskurtsoa aldatzeko gaitasunik ez izatea egotzi zioten zinegotziari.

Zinegotziaren arabera, grebarako eskubidea legitimoa da eta bermatu egin behar da, baina protestak «errespetuz» egin behar dira, «legezkotasuna eta bizikidetza errespetatuz». «Liskarrek eta jazarpen pertsonalek jarrerak nahastea eta bizikidetza hondatzea besterik ez dute eragiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.