Gasteizko lorezainek gose greba abiatuko dute akordiorik lortu ezean

Uste dute azken bilerara proposamen «egingarri eta arrazoizko bat» eraman zutela, eta orain enpresari eta udalari dagokiela urratsa egitea. Aldeak bihar batzartuko dira berriro Precon.

Gasteizko lorezainen agerraldia, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen agerraldia, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko urriaren 1a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko lorezainek iragarri dute «aurki» lan baldintzak hobetzeko akordiorik lortzen ez badute gose greba abiatuko dutela. Irailaren 26an sei hilabete bete ziren Gasteizko parkeak, lorategiak eta Eraztun Berdea mantentzeaz arduratzen den Enviser enpresako lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik, eta akordio bat lortzeko ahaleginetan segitzen dute langileek eta enpresak. Atzo, bi aldeek bilera izan zuten Preco Lan Harremanen Kontseiluan, eta, lorezainek jakinarazi dutenez, greba batzordeak proposamen «egingarria eta arrazoizkoa» eraman zuen negoziazio mahaira. Enpresak proposamen berria aztertzeko denbora hartuta, bihar batzartuko dira berriro, eta, akordiorik ez badago, gose grebari ekingo diote lorezainek.

Langileek nabarmendu dute eurek eraman dutela beste proposamen bat negoziazio mahaira, enpresa «bi hilabetez eskaintzarik egin gabe egon ondotik». Iritzi diote eskaintza «egingarria» dela eta «soldata duinak» bermatuko dituela. «Mugimendu garrantzitsua egin dugu negoziazioa desblokeatzeko», azpimarratu dute.

Enpresak ez dio, oraingoz, proposamen horri ezezkorik eman, eta, zuhur izanda ere, itxaropen apur bat eman die langileei. Izan ere, aurreko bileretan langileen planteamendu orori ezezko borobila eman izan die Enviserrek. Atzo, enpresak denbora eskatu zuen Gasteizko Udalarekin biltzeko eta behin betiko jarrera zehazteko, eta biharko bileran helaraziko die langileei.

Lorezainek azpimarratu dutenez, orain udalari eta enpresari dagokie erantzutea. «Espero dugu behingoz erantzukizuna beren gain hartzea eta akordioa lortzeko ahalegina egitea. Mugitzeko garaia da». Nolanahi ere, iragarri dute «laster» akordiorik ez bada borrokaren «beste fase bati» ekingo diotela, besteak beste gose greba abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.