Gasteizko lorezainek greba mugagabea amaitu dute

Greba batzordeak eta Enviser enpresak lortutako aurreakordioari oniritzia eman diote gaur langileek. Bihar sinatuko dute akordioa, eta ostegunean itzuliko dira lanera lorezainak, sei hilabeteren ostean.

Gasteizko lorezainen manifestazioa uztail hasieran, greba mugagabearen 101. egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen manifestazioa uztail hasieran, greba mugagabearen 101. egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 7a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostegunetik aurrera, bere onera etortzen hasiko dira Gasteizko parke eta lorategiak. Azken sei hilabeteotan greba mugagabean izan diren lorezainak lanera itzuliko dira, Enviser enpresarekin akordioa sinatu ostean. ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta enpresak atzo adostutako aurreakordioari oniritzia eman diote gaur langileek, eta, hala, urte erdi iraun duen lanuzteari amaiera eman. Aldeek bihar sinatuko dute akordioa Preco Lan Hitzarmenen Kontseiluan, eta ostegunean beharrera bueltatuko dira lorezainak.

Sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, 5.000 euroko soldata igoera linealak lortu dituzte 2025-2028 aldirako —hau da, %25 inguruko igoera—; 108 orduko murrizketa urteko lanaldian; errelebo kontratuari lotutako erretiro partziala eskuratzea; lizentzia eta baimenak hobetzea; eta hamaiketakoaren denbora luzatzea.

Hilabeteak joan dira azkenekoz belarra mozteko makinak Gasteizko lorategietatik pasatu zirenetik, eta jori bezain zabar daude hiriko gune berde asko, nahiz eta udaz geroztik Gasteizko Udalak ezarritako gutxieneko zerbitzuekin nabarmen hobetu den lorategi eta parkeen itxura. Gasteizko Udalaren azpikontrata den Enviserreko lorezainek martxoaren 26an ekin zioten greba mugagabeari, enpresak ez zuelako «lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena adostu nahi, haien esanetan. Harrezkero, 197 egun izan dira greban, denera, eta hamar aldiz bildu dira aldeak Precon Lan Harremanen Kontseiluan.

Enviser enpresa arduratzen da Gasteizko parkeak eta lorategiak zaintzeaz. Estatuko hitzarmena dute Enviserreko langileek, eta gehienen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak dira, eurek emandako datuen arabera. Gatazkaren puntu nagusia zera izan da: lorezainek urtean 1.700 ordu egiten dituztela, eta lan bera egiten duten funtzionarioek, berriz, 1.592 ordu; eta, batez beste, funtzionarioek baino 11.000 euro gutxiago kobratzen dute udalak azpikontratatutako lorezainek. Azken urteetan langileek erosahalmenaren %13 baino gehiago galdu dute, hau da, urtean 3.000 euro inguru langile bakoitzeko, sindikatuek emandako datuen arabera.

Lorezainen eta udalaren arteko tentsioa

Negoziazioak ez aurrera ez atzera egon dira hilabete luzez, harik eta lorezainek proposamen berria mahai gainean jarri duten arte. Azken batzarra atzo egin zuten, eta egoera desblokeatzea lortu. Aurretik, baina, ultimatuma bidali zuten grebalariek, ohartarazi baitzuten akordiorik ezean gose greban jarriko zirela. Azkenik, baina, ez dute muturreko neurririk hartu behar izan, ados jartzeko gai izan baitira.

Gasteizko lorezainen agerraldia, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko lorezainen agerraldia, joan den astean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Akordioa lortu arteko bidea, baina, ez da samurra izan. Gasteizko berdeguneen itxura kaskartuz joan den abiadura berean okertu dira harremanak udalaren eta grebalarien artean. Lorezainek Eusko Jaurlaritzari leporatu izan diote greba eskubidea urratzea eta «neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak» ezartzea, eta Gasteizko Udalari grebalariak kriminalizatzen saiatzea. Esaterako, Olarizuko zelaiak egokitzeko langileak kontratatu zituen udalak irailean, eta lorezainek udalaren jokabidea salatu zuten, eta leporatu zioten konponbidearen bila aritu beharrean legea bihurritzen aritzea greba eskubidearen aurka.

Bien bitartean, Enviserrek eta udalak elkarri egotzi diote lorezainen soldatak igotzeko ardura zutela. Enpresak behin eta berriz esan du udalak berak mugatzen dituela soldata igoerak, baina, aldi berean, onartu izan du berak ez duela dirurik langileei gehiago ordaintzeko. Udalak ukatu egin du soldatei muga jartzeko ardura duela, eta enpresaren esku utzi du erantzukizun oro.

Instituzio eta enpresatik jaso ez duten elkartasuna herritarrengandik jaso dute grebalariek. Grebak iraun duen bitartean, geroz eta handiagoa izan baita gasteiztarrek erakutsi dieten berotasuna. Horren erakusle, 5.000 sinaduratik gora jaso dituztela, udalari presio egiteko konponbidean parte hartu dezan. Halaber, manifestazio jendetsuak egin dituzte, eta milaka lagunen babesa jaso dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.