Eskola segregazioari buruz Steilas sindikatuak eta Ikusbidek elkarrekin egindako ikerlan batek ondorio argi bat utzi du: sare publikoko ikastetxe batzuetan pilatzen dira jatorri migratzailea duten ikasle ia denak; zehazki, ikastetxe segregatuetan ikasleen %83,8k jatorri migratzailea dute, eta mota horretako zentroetan biltzen dira pobrezian dauden ikasle gehien. Eskola sisteman jatorri migratzailea duten gazteen egoera aztertzeko xedez, inkesta bat egin dute Steilasek eta Ikusbidek Gasteizko DBHko 4. mailan ikasten ari diren ikasleen artean: segregatu gabeko lau ikastetxeetan egin dute inkesta (galdetutako ikasle guztien %79) eta segregatutako hiru ikastetxeetan (inkestatutako ikasle guztien %21). Jose Masa Espina eta Jone Gibelaldi-Iribas sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, Gasteizek dituen ezaugarriak aintzat hartuta, azterlanaren ondorioak «erraz estrapola» daitezke Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osora. Hala, ondorioztatu dute hiru lurraldeek oro har, eta Gasteizek bereziki, «Espainiako estatuko eskola segregazioaren indizerik altuena» dutela, eta eskola pribatu eta itunpekoen batezbesteko kopururik handiena Europan. «Bi fenomeno horiek, segregazioa eta eskola pribatu-itundua, oso lotuta daude», ohartarazi dute.
Bestelako datuak ere atera dituzte ikerketan. Besteak beste, ikastetxe segregatu gabeetako ikasleen ia %60k emaitza akademikoak ontzat edo oso ontzat jotzen dituzte, eta, aldiz, ikastetxe segregatuetan, ehuneko hori hogei puntu jaisten da. Halaber, ikastetxe segregatu gabeetan ikasleen %15,9k ikasturteren bat errepikatu dute, eta zentro segregatuetan, ordea, handiagoa da kopuru hori, %33,3koa, hain justu.
Ikasleen identitateari buruzko hainbat datu ere eman dituzte ikerlanean: ikastetxe segregatu gabeetan, jatorri migratzailea duten hamar ikasletik seik euskal edo espainiar herritartzat jotzen dute euren burua; ikastetxe segregatuetan, aldiz, hamasei puntu txikiagoa da nortasun indize hori. Euskarari dagokionez, berriz, jatorri migratzailea izanik ikastetxe segregatuetan ikasten ari diren gazteen %10ek baino ez dute hartzen euskara berezko hizkuntzatzat. Aitzitik, jatorri migratzailea izanda ere, ikastetxe segregatu gabeetan dauden gazteen erdiak baino gehiagok euskara berezko hizkuntzatzat hartzen dute.
Steilaseko ordezkarien esanetan, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute eskola segregazioak «eskubideak eta aukerak urratzen» dituela, eta beraz, egungo eskola sistema ez dela oinarritzen aukera berdintasunaren printzipioan. Ildo horretan, hizpide hartu dute EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean adostutako hezkuntza ituna, eta ohartarazi dute premiazkoa dela landuko den legeak «aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatzea, eskola segregazioa errotik geldiaraztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea». Hala, alderdiei dei egin diete eskola segregazioa berariaz debeka dezaten lege berrian, bereizketa hori «oinarrizko eskubideen urratze gisa eta zapalkuntza eta diskriminazio mekanismoa delako».