GARRAIOA

Gasteizko tranbia Zabalganara zabaltzeko proiektuaren informazio txostenari baiezkoa eman diote

Proiektuak, BEZa kontuan hartu gabe, 157 milioi euroren kostua gaindituko du. Zabalganako bizilagunek linea zuzenean erdiguneraino iristea nahi zuten, baina Lovainako geltokian trenez aldatu beharko dute.

GASTEIZKO TRANBIA
Gasteizko tranbia, 2022an. RAUL BOGAJO / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urriaren 10a
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren zuzendariak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren parte denak, baiezkoa eman dio Gasteizko tranbia Zabalganara hedatzeko proiektuaren informazio txostenaren eguneratzeari. BEZa kontuan hartu gabe, 157 milioi euroren kostua gaindituko du proiektuak, eta Arabako hiriburuko auzo biztanletsu hori alde batetik bestera gurutzatuko dute trenbideek.

Proiektuak irailean jaso zuen ingurumen inpaktuari dagokion aldeko txostena, eta espero dute urtea amaitu aurretik hastea proiektuaren lehen zatiak adjudikatzen, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Chuecak adierazi duenaren arabera. Beraz, aurreikusi dute lanak 2026. urtearen hasieran hasiko direla. Hala ere, Zabalganako bizilagunek eskatzen zituzten gauza batzuk ez dituzte aintzat hartu eguneratzean. Izan ere, Zabalganakoa linea independente gisa ez tratatzeko eskatzen zuten, ibilbidea erdiguneraino irits zedin. Baina, azkenean, Lovaina plazan amaituko du ibilbidea, eta erdiguneraino iristeko trenez aldatu beharko dute erabiltzaileek. Tranbiaren garaje berrirako linearen luzamendua ere barne hartzen du proiektuak.

Linea berria

Zabalganako linea berriak bi adar izango ditu. Hasieran elkarrekin joango dira, Lovainako geltokitik Zabalgana hiribideraino. Tartean, Lovainakoaz gain, lau geltoki egongo dira: Adriano VI.a, San Martin institutuaren parean; Bustinzuri kalekoa, San Martin anbulatoriotik gertu; Balentin Berriotxoa kalekoa; eta Borinbizkarra parkeko geltokia, Zabalgana hiribidean. Hala, adar batek hiribide horretatik jarraituko du —Mariturriko adarrak—, eta beste lau geltoki izango ditu: Zabalganako geltoki nagusia, Giza Eskubideen Hiribideko geltokia, Iruña-Veleia hiribideko geltokia eta Sofia Erreginaren Hiribidekoa.

Aldaiako adarra motzagoa izango da, eta bi geltoki izango ditu, biak Nazio Batuen Hiribidean. Salburuko linea luzatu egingo da, Betoñun egingo den kotxe toki berriraino iristeko, eta tartean beste geltoki bat gehituko zaio lineari, Deba Arroaren Kalean. Batez beste, 556 metro egongo dira geltoki bakoitzen artean.

Epeei dagokienez, Zabalganako linea berriaren lehen zatia —bi adarrek komun dutena— egiteko bi urte eta erdi beharko direla kalkulatu dute, eta adarrak, berriz, urte eta erdian egin ahal izatea aurreikusi dute. Adar bakoitzean, tranbien maiztasuna ordu laurdenekoa izango da, eta biak igaroko diren zatiko lau geltokietan, berriz, 7,5 minutukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.