Urriaren 5ean, bi adingabe zituen familia bat etxegabetu zuten Gasteizen. Orduko hartan, adingabeen ikastetxeek, Abendaño ikastolak eta Unamuno BHIk, elkarretaratzea egin zuten lehen ikastetxe horren sarreran, egoera salatzeko. Gaur, berriz, Arabako hiriburuko Unamuno BHI ikastetxea izan da antzeko egoera bat salatzeko elkarretaratzea egin duena. Hain zuzen ere, ikastetxeko hiru ikasle etxegabetuak izateko arriskuan daudela salatu dute.
Bi helduk eta sei adingabek osatzen dute urriaren 23an etxegabetzekoak diren sendia. Ikasle horietako hiru, lehen hezkuntzara doazenak, Abendaño ikastolara doaz. Beste hirurek, bigarren hezkuntzakoek, Unamunon ikasten dute. Ikaslerik ez etxebizitzarik gabe lelopean, goizeko hamaiketan bildu dira institutu aurrean ikasleak, irakasleak eta familiak. Etxegabetzea eteteko eta familiari «kalitatezko alternatiba bat eskaintzeko» exijitu dute, etxegabetzeak «kalte larriak» eragingo bailizkioke haurren ongizateari. Urri hasierako etxegabetzea ere izan dute gogoan, eta familia harentzako «irtenbide duina» ere eskatu dute. Â