Bi adingabe dituen beste familia bat etxegabetu dute Gasteizen

Ostiralean beste familia bat etxegabetu zuten hirian, antzeko baldintzetan. Abendaño ikastolako komunitateak elkartasuna eta babesa adierazi dio familiari, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkarretaratzera deitu du biharko.

Gasteizko Udaltzaingoa familia etxegabetzen, gaur. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Gasteizko Udaltzaingoa familia etxegabetzen, gaur. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 5a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ostiralean gertatu bezalaxe, gaur ere bizitzeko alternatibarik ez duen familia bat etxegabetu dute Gasteizen, eta familia horretako bi kide adingabeak dira.

Familia hori Abendaño ikastolako parte da, eta hango komunitateak agerraldi bat egin du gaur goizean, gaurko etxegabetzea eta urriaren 23an egingo dutena salatzeko. Izan ere, egun horretan beste familia bat etxegabetuko dute. Bi sendiak dira ikastolako komunitateko kide, eta ikastetxeak elkartasuna eta babesa adierazi die biei.

Abendaño Ikastolako familien agerraldia, gaur, Gasteizen. ABENDAÑOKO HEZKIDETZA BATZORDEA
Abendaño ikastolako familien agerraldia, gaur, Gasteizen. ABENDAÑOKO HEZKIDETZA BATZORDEA

«Bi familiak kontuan izanda, guztira, zortzi adingabe daude: sei familia batean eta bi bestean. Kezkatuta gaude: etxebizitza duin eta egonkor bat izateko alternatibarik ez dute bermatuta», azaldu dute, eta eskari zehatzak egin dizkiete erakundeei: bi etxegabetzeak gelditzea; familia bakoitzari «etxebizitza duin, egoki eta egonkor bat» bermatzea; adingabeen eskubideak bermatu eta haien eskola eta gizarte ingurunea babestea; «premiaz eta koordinatuta» jardutea; eta etxebizitzarako laguntza publikoak indartzea.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bere aldetik, elkarretaratzera deitu du biharko, azken asteko etxegabetzeak salatzeko eta etxebizitzarako eskubideak bermatuta egon behar duela aldarrikatzeko. 19:00etan egingo dute, Andre Mari Zuriaren plazan. 

«PSOEk bere burua etxebizitza krisiari aurre egiteko konponbide gisa aurkezten ari bada ere, hori da errealitatea langile klaseko familien egunerokoan», salatu du sindikatuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA