11/13 auzia

Gaur zortzi hasiko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa, Madrilen

Euskal presoen sostengu lanean aritzeagatik epaituko dituzte 11/13 makrosumarioko 47 auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuei babesa adierazteko, manifestazioa egingo dute Bilbon, larunbatean.

11/13 sumarioa auzipetutakoen agerraldi bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Galardi
2019ko irailaren 9a
10:25
Entzun

Astelehenean hasiko da 11/13 auzikoen aurkako epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2013 eta 2015 bitarte 47 lagun atxilotu zituzten euskal presoen babes taldeetan aritzeagatik. Besteak beste, abokatuak, medikuak, psikologoak, bitartekariak eta Etxerat eta Herrira-ko kideak dira auzipetuak, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du, guztira (ikusi BERRIAren webgune berezia). "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen diete auzipetu guztiei, eta ETA finantzatzea horietako askori. 2012ko egitateei dagozkie egozten dizkieten delitu horiek guztiak.

Lehen atxiloketak izan eta sei urtera abiatuko da epaiketa. Akordiorik ezean —joan den larunbatean Bilbon egindako agerraldi batean esan zuten auzipetuek ez zutela baztertzen akordio bat egitea, baina defentsa prestatzea zela lehentasuna—, hiru hilabete iraungo du epaiketak, eta auzipetuek salatu dute 350.000 euroko gastua izango dutela bitarte horretan. Zigorra ezartzen badiete, espetxealdiari ez ezik, isun ekonomikoei ere egin beharko diete aurre.

47ei babesa adierazteko hainbat egitasmo egin dituzte udan, eta, auzipetuen arabera, jasotako babesa "olatu bat" izan da. Besteak beste, auzipetuen aldeko manifestuak 11.000 sinadura jaso ditu. Larunbatean, berriz, Bilbon egingo dute manifestazioa, 17:30ean Casillatik abiatuta.

Eskaerak eta defentsa

Iker Urbina abokatuak BERRIAri adierazi dion moduan, defentsa bateratua prestatu dute auzipetuek eta abokatu talde batek, auziaren "enbor" nagusietako bat delako ETAko kide izatea leporatzen dietela 47ei. Edonola ere, kasuaren araberako zigorrak eskatu ditu fiskalak, eta, makrosumarioaren barruan, diferentea izango da Herrira-ko kideen, bitartekarien, abokatuen, Jaki Hadi-ko kideen eta Etxerat-ekoen kontrako prozesua. Auzipetu bakoitzaren ezaugarriak azaltzeko, eta makrosumarioaren atalen inguruko informazioa emateko, BERRIAk webgune berezi bat jarri du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.