Hamasei orrialde zeuzkaten egoeraren berri emateko. Ez zen inoiz izan aski. 2003ko otsailaren 26ko Egunero-ren azalak honako hau zuen titulua: Torturatu egin dituzte. Etxeko jendeaz ari zen, euskal herritarrez, Egunkaria-ko jendeaz. Martxelo Otamendi Soto del Realeko (Espainia) espetxeko atetik atera zenean «arratoiak bezala» tratatu zutela erran zuen: bi aldiz egin ziotela poltsa. Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria zen Otamendi, eta bertze bederatzi lagunekin batera atxilotu zuten 2003ko otsailaren 20an: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila. Bakoitzaren etxeraino joan zen Guardia Zibila, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hala aginduta, eta banan-banan atxilotu zituzten, Euskaldunon Egunkaria-k ETArekin lotura zuela leporatuta. Egun beltz hartatik 23 urte bete dira gaur. Eta itxi izan ez balute, 36 urte beteko zituzkeen heldu den abenduaren 6an.Â
Ortzegun batez itxi zuten hedabidea, itxi betiko, baina irtenbide bat bilatu zuten kazetariek: Egunero egunkaria. Hurrengo egunerako lortu zuten hamasei orrialdeko sorta bat idaztea, eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren eta ondorengo kontuen gaineko informazioa ematen hasi ziren: atxiloketak, ebazpen judizialak, erreakzioak, mobilizazioak... Ez zen inoiz izan aski. Itxia, baina ez isildua, zioen lehen aleko izenburuak.
Eta horretan jarraitu zuten, harik eta 2003ko ekainaren 21ean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera, BERRIA sortu zuten arte. Herri ekimenari esker jarri zuten abian, borondateagatik eta indarragatik.

2010eko apirilean itxi zuten behin betiko Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako lehendabiziko auzia. Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Auzitegi Nazionaleko magistratuek absolbitu egin zituzten auzipetuak, ebatzita ez zegoela haien kontrako frogarik. Eta hurrengo hilean Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak erran zuen Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela auzi ekonomikoaren epaiketa. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian «delitu terroristaren» zantzurik ez zegoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, «ohiko delitua».
 2014ko urrian itxi zuten auzi ekonomikoa, preskribatutzat jota.
Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko lan ugari egin dira 23 urteotan, eta horietatik lau dokumental Interneten daude ikusgai.