Gaur manifestazio jendetsua egin dute Zarautzen, 12:00etan, Palestinari elkartasuna erakutsi eta Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko. Munoa kaletik abiatu, eta malekoian aurrera joan dira. Zarautz Palestina herri mugimenduak antolatu du protesta, eta gogora ekarri du zeinen garrantzitsua den elkartasuna gatazka honetan: «Gure esku dago palestinarrei elkartasuna erakustea, ahal dugun apurra eginda bada ere». Herri osoari egina zioten mobilizaziora hurbiltzeko deia.
Manifestari askok Palestinako banderak eskuetan hartuta egin dute bidea, eta Gazako sarraskia salatzeko keinu ugari egin dituzte. Hondartzan bertan egin dute ibilbidearen zati bat. Aurrez ere eginak dituzte, leku berean, Palestinari elkartasuna erakusteko mobilizazioak.
Gaza gogoan Zarautz doluan leloa hautatu dute gaurko protestarako. Jendearen gogoan egon dira Gazatik heltzen ari diren azken berriak; izan ere, gosetea da egun arazo larrienetariko bat, eta albiste aski larriak zabaldu dira berriki. Jakin da, adibidez, zerrendan dagoeneko 124 pertsona hil direla goseak jota; haurrak ziren horietatik 84.