Gazte Euskaltzaleen Sareak Gazte euskaltzaleok bidea urratu dinamika jarri du abian: hiru eguneko martxa bat egingo dute, ekainaren 11tik 13ra, Urepeletik (Nafarroa Beherea) Iruñera; han bat egingo dute Euskalgintzaren Kontseiluak deitua duen Euskaltzaleon Martxarekin. «Bizi dugun bidegurutze honetan, gure hautua gorpuzteko, borrokaz eta ilusioz betetako martxa eginen dugu, Korrikan metatu genuen indarra berriz ere kalera ateratzeko».
Gazte Euskaltzaleen Sarearen martxa ekainaren 11n abiatuko da Urepeletik, eta Auritzen (Nafarroa) egingo dute lehen geldialdia; bigarren gaua Zubiri inguruan (Nafarroa) igaroko dute, eta ekainaren 13an ailegatuko dira Iruñera. Lo lekuak, dutxak eta otorduak antolatuta edukiko dituzte, eta egitarau osoa hilaren 18an argitaratuko dute, izen ematea zabaltzearekin batera. Baina aurreratu dute «askotariko jarduerak» antolatuko dituztela: mural margotzeak, kontzertuak, bisita gidatuak...
Antolatzaileen esanetan, gazte euskaltzaleen artean sareak ehuntzeko, aisialdirako eta aldarrikapenerako guneak izango dira: «Ez da martxa hutsa izanen; pauso bakoitzarekin, bidea urratu ahala, euskara lurrean errotzen jarraitu nahi dugu, pizkunde oso bat eragiteko asmoz».
Gazte Euskaltzaleen Sareak Euskal Herriko gazte euskaltzale orori dei egin dio martxan parte hartzera: «Gazteok izanen gara pizkunde berri honetako giltzarri». Aurreratu dutenez, Iruñetik eta Euskal Herriko beste hainbat lekutatik autobus zerbitzua antolatuko dute bertan parte hartu nahi dutenentzat.