Euskararen aldeko martxa handiak badu metxa nork piztu

Larunbateko mobilizazioan erabiliko dituzten pankarten diseinuak eta egileak iragarri ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean. Hiru zutabetan eginen dute martxa, eta beste horrenbeste kolektibok pregoi bana irakurriko dute. Gazteluko plazan batuko dira.

Euskaltzaleon Martxan erabiliko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur Iruñeko Antoniutti parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskaltzaleon Martxan erabiliko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur Iruñeko Antoniutti parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko ekainaren 8a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itzelezko festa prestatu nahi dute. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskaltzaleon Martxa eginen dute heldu den larunbatean Iruñean, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, eta jai giroz jantziko dute hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapena. Hiru zutabetan eginen dute mobilizazioa, eta izaera, irudi eta protagonista propioak izanen ditu horietako bakoitzak. Hiru aldarri, hiru pankarta, hiru pregoilari. Hirurak aurkeztu dituzte gaur Iruñeko Antoniutti parkean.

Antoniutti: ofizialtasuna aldarri

Pankartetako batean «euskararen ofizialtasun osoa» eskatuko dute manifestariek. Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak ondu du pankartako marrazkia. «Besteak beste, ehunka mila herritarren eskubideen aitortza falta eta urraketa sistematikoa gainditzearen aldeko aldarria irudikatzen du, muga guztien gainetik euskarak batzen gaituelako», azaldu du Idurre Eskisabelek, Kontseiluko idazkari nagusiak, gaur goizeko agerraldian.

Antoniutti parketik abiatuko da zutabe hori, eta Batuz Aldatu dinamikaren talde eragileko kideak izanen dira pregoilariak, «euskararen aldeko adostasun soziopolitiko berri bat bultzatzeko egin duten lanarengatik». Izan ere, 2025eko irailean bi urteko elkarrizketa prozesu baten emaitza aurkeztu zuten, Itun soziopolitiko berrirako eskaintza izenburukoa. 11 eragilek osatzen dute Batuz Aldatu dinamikaren talde eragilea: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa eragileek, hain zuzen. Horien guztien ordezkariek parte hartuko dute Antoniuttiko zutabean.

Runa: hizkuntza politikak

Bigarren zutabea Arga ibaiaren ondoan dagoen Runa parketik abiatuko da. Pankartak Zazpi jauzi izenburua du, eta, haren bidez, «hizkuntza politiketan jauzia emateko premia» aldarrikatuko dute. Asisko Urmeneta irudigileak egina da. «Mende luzetan euskaldunok jasandako menderakuntza eta egoera iraultzearen aldeko ekimen eta adierazpenak nabarmentzen dira pankartaren diseinuan», esplikatu dute.

Eskisabelek azaldu duenez,  Azterketak Euskaraz mugimenduko kideek botako dute zutabe horri hasiera emanen dion txupinazoa. «Mobilizazio eta desobedientzia dinamika bat abiatu dute ikasle horiek, unibertsitatera sartzeko azterketa euskaraz egitea debekatu dietelako».

Askatasunaren plaza: euskaltzaletasuna

Hirugarren pankarta Malen Amenabar ilustratzailearen lana da, eta «euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko beharra» islatzen du. «Euskaltzaleon ekintza kolektiboari esker, euskarari etorkizun oparo bat emateko ilusioa eta etengabeko lana irudikatzen ditu», esan du Eskisabelek. Askatasunaren plazatik aterako da zutabe hori.

Pregoia eta txupinazoa «euskarazko eduki sortzaileen esku» utziko ditu Euskalgintzaren Kontseiluak: «Azken urteetan, geografia berri bat sortu da euskararentzat: plataforma digitalena», adierazi du Kontseiluko buruak. Hori dela eta, euskarazko ikus-entzunezkoak sortzen dituzten egileak omenduko dituzte, «geroz eta beharrezkoago ditugun arnasguneak eskaintzeko egiten duten lana» aitortze aldera.

Zutabe guztiak 17:00etan abiatuko dira, eta, Alde Zaharrerako ibilbidea egin ostean, Gazteluko plazan elkartuko dira 18:00 aldera. Hiru martxen artean oreka zaintzeko xedez, manifestariak banatzeko irizpidea argitu du Eskisabelek gaur: «Iruñera autobusez datozenek Askatasunaren plazako zutabean parte hartuko dute; autoz etorritakoak Antoniuttin bilduko dira; eta, azkenik, jada Iruñean daudenak Runa parkean batuko dira martxara».

Hiru zutabeak Gazteluko plazara iritsita, bertan eginen dute ekitaldi nagusia, eta Euskalgintzaren Kontseiluko antolatzaileen asmoa da bertaratutako guztiak dantzan jartzea, egunari bukaera alaia emateko: «Euskal Herri osoko milaka lekutan egiten den bezala, kalejiran, borobilean, elkarrekin bagarela esanez, hasi Tuterako Reboltosatik eta Bermeoko Arroskueraino».

Eskisabelek gogorarazi du, halaber, euskalgintzaren eta tokiko erakundeen artean «hogeita bost autobus baino gehiago» antolatu dituztela, eta Euskal Herriko bazter guztietatik joanen direla Iruñeraino. Autobus guztien zerrenda eta izena emateko xehetasunak www.pizkundea.eus webgunean ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE