Gazte Komunistek Iruñean egitekoa zuten elkarretaratzea debekatu du Espainiako Gobernuko ordezkaritzak

Gobernu ordezkaritzaren arabera, Gazte Komunistek ez zuten protesta «garaiz» jakinarazi. Gazteen taldeak salatu du erakundeak «konplizitatez» jarduten direla errentariekin eta «errepresio indarrak» erabiltzen dituztela klase antolakuntzaren aurka.

Etxegabetze arriskuan dauden bizilagunen bilera bat, Iruñean. Artxiboko irudi bat da. BERRIA
Etxegabetze arriskuan dauden bizilagunen bilera bat, Iruñean. Artxiboko irudi bat da. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 28a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazte Komunistak erakundea protesta egitekoa zen gaur 18:00etan, Iruñean, etxegabetzeen aurka. Elkarretaratzea, baina, bertan behera utzi behar izan dute, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak debekatu baitu. EPK-PCEren gazte erakundeak berak sare sozialetan azaldu duenez, Espainiako Gobernuak gaur bertan eman die debekuaren berri. Gobernu ordezkaritzak argudiatu du gazteek ez zutela elkarretaratzea «garaiz» jakinarazi, eta horregatik ukatu diotela baimena.

Gazte Komunistek ez dute ontzat eman argudioa, eta kritiko azaldu dira Espainiako Gobernuak izandako jokabidearekin: «Ezezkoa komunikatzeko, polizia agenteak militante baten bizilekura bertaratu dira, eta, larderia erabiliz, jakinarazi diote gaur arratsalderako baimena ukatu diotela», adierazi dute, ohar batean. Protestaren antolatzaileen iritziz, horrek erakusten du «noren alde dauden bai gobernu zentrala bai haren ordezkariak Euskal Herrian».

Bereziki larritzat jo dute Polizia bidali izana debeku bat jakinaraztera: «Poliziaren presentzia gero eta itogarriagoa da, eta gure etxeetako ateetara iristen da». Are: uste dute gertatutakoak agerian utzi duela gaurko elkarretaratzean salatu nahi zutena: hau da, «erakundeek errentariekin duten konplizitatea», alde batetik, eta «errepresio indarren erabilera klase antolakuntzaren aurka», bestetik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA