EH Bilduk jakinarazi du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako gazteriaren lege proiektua aldarazten saiatzeko Geroa Bai taldearekin batera zer zuzenketa proposatu dituen: hizkuntza eskubideak bermatzea da aldaketen helburuetako bat, eta, besteak beste, proposatu dute gazteek euskara doan ikasteko bideak ezartzea legean. Euskaltegietara zein hizkuntza eskola ofizialetara euskara ikastera doazen gazteentzat euskara ikasteak inolako zama ekonomikorik ez izatea da eskakizunaren helburua eta, era berean, Nafarroatik kanpo eskaintzen diren euskarazko goi mailako ikasketetarako ere laguntza beka espezifikoak eskaintzea. Ikasketez harago ere badira proposamenak: esaterako, gazteentzako gizarte, kultura eta kirol jardueretan euskarari ikusgaitasun «berezia» ematea.
Lankidetzarekin lotutako zuzenketak ere proposatu dituzte bi talde politikoek. EH Bilduren arabera, helburua da «Nafarroako Gazteriaren Foroak jada gazteriarekin lan egiten duten elkarteekin eta mugakide diren erkidegoetako erakunde zein Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa eta Euroeskualdearekin elkarlanean ariko dela bermatzea». Horrez gainera, gazteen parte hartzea ziurtatzeko prozesu «eraginkorrak» eskatu dituzte.