«Gazteek inteligentzia emozional handia dute, eta laguntza eskatzen dute»

Eusko Jaurlaritzak umeen eta nerabeen arretarako daukan Zeuk Esan zerbitzuan 2.293 kontsulta izan zituen iaz. %54 adingabeek egin zituzten, batez ere arazo psikologikoekin eta berdinen arteko jazarpenarekin lotuta.

Azken hamahiru urteetako dei kopuru handiena jaso zuen iaz Zeuk Esan zerbitzuak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Azken hamahiru urteetako dei kopuru handiena jaso zuen iaz Zeuk Esan zerbitzuak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko martxoaren 12a
15:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gora doaz Zeuk Esan haurren eta nerabeen arretarako zerbitzuan egindako kontsultak: iaz 2.293 izan zituzten, 2024an baino 96 gehiago. Azken hamahiru urteetako kopururik handiena izan zen, baina gorakada ontzat jo du Iker Pinilla zerbitzuko langileak, adingabeen ardura handiagoa islatzen duelakoan: «Gazteek inteligentzia emozional handia dute, beren burua hobeto ezagutzen dute, eta laguntza behar dutenean eskatu egiten dute». Antzera mintzatu da Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizateko, Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburua: «11 61 11 telefonoa gero eta ezagunagoa da, eta gazteek konfiantza dute bestaldean daudenekin».

Haur eta nerabeei eta haien familiei informazioa eta aholkularitza ematen die Zeuk Esan zerbitzuak. Egunero 24 orduz aritzen da, eta batez ere 11 61 11 telefonoaren bidez jasotzen dituzte kontsultak —anonimoa da, eta ez du arrastorik uzten fakturan—, nahiz eta sare sozialetatik ere jar daitekeen haiekin harremanetan. Zerbitzuak hamabost urte dituen arren, Pinillak onartu du ez dela oso ezaguna gizartean, eta horregatik garrantzitsua dela haurren eta nerabeen eremuetara hurbiltzea. Azken bi urteetan zerbitzua gizarteratzeko egindako ahalegina nabaritu egin dute deietan.

Hala, iaz jasotako 2.293 kontsultetatik, erdiak baino gehiago adingabeek egin zituzten (1.249, %54), eta gainerakoak, helduek (1.044, %45), batez ere adingabeen gurasoek eta beste senideek. Adingabeen kontsultetan, nagusiki bi arazo antzeman dituzte: ezinegon psikologikoak eragiten ditu kontsulten %40, eta bullying-ak, berriz, %38,8.

%67

16-17 urtekoen deiak. Iaz Zeuk Esan zerbitzura deitu zuten adingabeen artean, nabarmen gora egin zuen 16 eta 17 urtekoen kopuruak: %67 izan ziren; %28k 12-15 urte zituzten, eta %4,5ek, berriz, 12 urte baino gutxiago. Era berean, zerbitzura jo zutenen %58 neskak izan ziren, eta %41, mutilak; %1 bestela identifikatu zen.

Nahi gabeko bakardadeaz, hitz egiteko premiaz, tristeziaz, antsietateaz... kexu dira gazteak dei horietan. Barrenak husteko leku baten bila dabiltzala azaldu du Pinillak: «Konexio garai hauetan, oso komunikazio gutxi dago, berba egiteko toki seguru gutxiago, eta gazteek behar hori sentitzen dute; gure zerbitzuak epairik gabe hitz egiteko aukera ematen du». Familietan ere antzeko gorabeherak daudela erantsi du, nahiz eta kontsulta gutxiago diren horren inguruan (%9,5): «Gero eta denbora gutxiago dugu elkarrekin egoteko; gazteek ere erritmo frenetikoa daramate, asko 20:00etan edo 21:00etan iristen dira etxera, eta ez dute astirik egunean zehar gertatutakoaz hausnartzeko. Denok aurrera egiten dugu, gainezka egiten dugun arte».

Jazarpen etengabea

Berdinen arteko jazarpenaz ere mintzatzen dira gaztetxoak kontsulta askotan. Pinillak argitu du gehienetan irainen bidez gertatzen dela bortxa hori, baina teknologien eraginez  etengabea dela jazarpena: «Sare sozialen ondorioz, biolentzia biziagoa da, 24 orduz jasaten baitute, eta min egiteko modu berriak agertzen ari dira; adibidez: talde berrietan pertsona batzuk baztertzea». Halere, ohartarazi du bullying-a pairatzeko arrisku faktoreak antzekoak direla: «Isila edo iheskorra izatea, lodi egotea, nota onak ateratzea...».

«Gero eta denbora gutxiago dugu elkarrekin egoteko; gazteek ere erritmo frenetikoa daramate, asko 20:00etan edo 21:00etan iristen dira etxera, eta ez dute astirik egunean zehar gertatutakoaz hausnartzeko»

IKER PINILLA Zeuk Esan zerbitzuko langilea

Era berean, hogei kasutan indarkeria matxista antzeman dute, batez ere ukituak edo hitzezko indarkeria. Pinillak azaldu du esku hartze espezializatuagoa behar duten kasuak Satevi zerbitzura bideratzen dituztela. Halere, uste du bortizkeria matxistako kasu gehiago daudela baina ez dituztela detektatzen: «Adingabeek, oro har, ez dute indarkeria hori identifikatzen: bikote harremanetan kontrol jarrera pila bat daude, baina ez dituzte indarkeriatzat hartzen. Dena den, sexualitateaz eta alkohol edo droga kontsumoaz ez digute ia kontsultarik egiten, uste dutelako gai horiek kontrolpean dituztela».

Nerea Melgosak gogora ekarri du haurrak eta nerabeak «kolektibo zaurgarria» direla, eta haien babesak ardazten duela bere sailaren lana, bai 2024an onartutako legea abian jartzean, bai berriki onetsitako familia planean. Gainera, Zeuk Esan-eko langileen trebakuntza eta lana goratu du, eta arazorik duten adingabeak edo gertukoak zerbitzua erabiltzera adoretu: «Jazarpena, indarkeria, irainak, tristura, bakardadea... Zauri horiek ez dira sendaezinak, eta osatzeko lehen pausoa entzuna izatea da, enpatiaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA