Ana Estevez. Psikologia irakaslea

«Gazteen aisialdirako ohitura bat bilakatzen ari da jokoa»

Adingabeak eta sareko jokoak aztertu ditu Estevez psikologoak, igo egin delako jokalari gazteen kopurua. Teknologia berriekin, oro har, ugaritu egin dira jokorako aukerak, baita mendekotasunak ere.

Gasteiz
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Substantziarik gabeko mendekotasunak aztertu ditu Ana EstevezPsikologiako doktoreak (Barakaldo, Bizkaia 1976). Jokoarekiko mendekotasuna ere izan du aztergai; gazte eta nerabeengan daukan eragina aztertu du. Ikerketa talde bat zuzendu du horretarako. 13 eta 21 urte arteko gazteak elkarrizketatu dituzte. Sareko jokoa gai nagusi izan arren, aurrez aurreko jokoak ere aztertu dituzte, hau da, jokatzeko fisikoki tokian egotea eskatzen dutenak: kiniela edo loteria, esaterako.

Gazte eta nerabeek sarean jokatzen duten ikertu duzue. Arduratzekoa al da jokoak adingabeen artean daukan eragina?

Adin tarte ahulena edo kaltea egiteko errazena gazte eta nerabeena da. Horregatik aztertu dugu kolektibo hori. Dena den, sareko jokoa legeztatzea izan da azken urteetako aldaketarik garrantzitsuena. Horrek, eta esku artean dauzkagun gailu teknologiko berriek, igo egin dute jokatzen duten gazte eta nerabeen kopurua.

Aurrez aurreko jokoak gizartean daukan eragina legeztatu eta 10 edo 15 urtera igarri zela esan zenuen ikerketa aurkeztean. Ez da horrenbeste pasatu sareko jokoa legeztatu denetik. Zeri erreparatu diozue azterlanean?

Lehenik eta behin, gizartearen erradiografia bat egin nahi dugu. Hau da, ikusi nahi dugu joko kontuetan zertan eta nola dabiltzan gazteak eta nerabeak. Kontuan hartu behar dugu jokatzeko aukerak zabaldu direla eta jokoen publizitate gehiago dagoela. Horrez gain, ikertu nahi ditugu teknologia berriek sareko jokoan sortutako aldaketen ondorioak.

Zein da gazteen egungo errealitatea?

Aurrez aurreko jokoa oso garrantzitsua da oraindik. Gazte gehiagok jokatzen dute aurrez aurrekoan sarekoan baino. Baina, joera bat aurkitu dugu ikerketan: kirol apustuak eta sareko jokoa igotzen ari dira.

Errealitate aldakor batean bizi garela aipatzen duzue ikerketan. Zer da errealitate aldakor hori?

Jokatzeko, ez duzu joko etxe batera joan beharrik, esplizituki. Edonon joka dezakezu, edozein ordutan, eta kontrol gutxiago dauka sareko jokoak. Bestalde, jokatzeko hainbat modu daude,ezberdinak. Pentsa azukrea edo opilak direla jokoa. Kontsumitzeko mila modu daude, eta gehiago sortzen ari dira.

Sakelakoa da jokatzeko gehien erabiltzen den gailua. Teknologia berriek nabarmen igo dute jokoa gazteen artean?

Oraindik ez da zehazki hori ikertu. Baina, gizartean egon da aldaketa bat harremanak izateko eta komunikatzeko. 13 eta 14 urte arteko gero eta pertsona gehiago artatzen dituzte joko mendekotasun zentroek. Aldaketa komunikatiboa izan baino lehen beste errealitate bat zegoen.

Gizonezkoetan joera nabarmenagoa aurkitu duzue. Zer dela eta?

Jokoa beti egon da gizonezkoei lotuta. Beste arrazoi asko egongo dira. Segur aski, genero rolek ere zerikusia izango dute. Hala ere, garrantzitsua da joko etxeak eta publizitatea aztertzea. Joko etxeetan, askoz gizonezko gehiago dago. Gizonezkoen mundua da. Komunikabideetako publizitateak eurak ditu helburu, eta iragarkietan dauden izar mediatikoak gizonezkoak dira.

13 eta 21 urte arteko gazteak elkarrizketatu dituzue. 13 urterekin hasten al dira jolasten?

Gutxi batzuk bai. Aisialdirako ohiko modu bat bilakatzen ari dela ikusi dugu ikerketan.

Nola egiten dute lehen urrats hori?

Kuadrillarekin egiten dute, asteburuetako aisialdi jardueretan. Lehen, ez zegoen horren hedatua, edo, baldin bazegoen ere, kirol apustuak ez zeuden horren instituzionalizatuta. Egun, ohituren parte da, eta jokatzea normalizatuta dago gizartean.

Zeintzuk dira horren gazte hasteak dakartzan arriskuak?

Haurrak eta nerabeak hazte prozesu batean daude. Jokoak, nahiz eta badauzkan bere alde positiboak, ondorio txarrak sor ditzake: mendekotasuna sor dezake; pertsona batzuengan, ez guztiengan.

Jokoarekin arazoak dauzkan pertsonaren estereotipoa bakartiarena da. Berdintsua al da gazteetan?

Oraindik ezin dezakegu soslairik defini. Badakigu gizonezko gehiago direla, emakumezkoak baino. Klase sozial, arraza, kultura guztiak daude. Ezberdintasun nagusia da gizarte edo familia babes handiagoa izatea. Hori dela medio, lehenago antzemango diote arazoria, eta arriskuak saihestuko ditu.

Zergatik jokatzen dute?

Dibertigarria dela esan digute, ondo pasatzen dutela. Horrez gain, aspertzea saihestu nahi dute. Daukagun kulturan ez dugu onartzen pentsatzea edo ezer egin gabe egotea, beti egin behar dugu zerbait. Horrek ere badauzka bere ondorioak.

Zein jokotara jokatzen dute?

Kirol apustuak dira ohikoenak. Bestela, karta jokoetara jokatzen dute dezente. Bingoa ere igotzen dabil.

Sareko jokoak aurrez aurrekoak baino adikzio handiagoa sordezakeela esan izan duzu.

Bai, jokatu eta erantzuna jasotzearen arteko denbora tartea oso laburra da. Gainera, erraz bikoiztu edo hirukoiztu dezakezu apustua. Horrek gehiago kitzikatzen zaitu. Aurrez aurrekoak badauzka bere mugak. Txanpon makinan ezingo duzu txanpon gehiago sartu, ahitu egingo baitzaizkizu.

Hala ere, aurrez aurrekoetan gehiago jolasten dira. Zeintzuk dira joko horiek?

Kinielak egiten dituzte, baina txanpon makinetan ibiltzen dira gehien.

Zergatik jolasten dira aurrez aurrekoetara gehiago?

Segur aski, helduen ohiturekin lotuta dago, imitazioz, berdina egingo dute. Sareko jokoek iragarki gehiago izaten dute, baina aurrez aurrekoak irabazten du.

Zeintzuk dira adikzioak dakartzan ondorioak gazteetan?

Galera edo hondamendi ekonomikoak ekar ditzake, baina, baita eskola porrota edo depresio eta antsietate sintomak ere.

Jokoa komunikabideen bidez gizartean normalizatuta dagoela esan duzue ikerketan. Zergatik?

Iragarkiengatik. Ohikoa da jokoaren publizitatea ikustea edonon. Guztioi bururatzen zaigu jokoa ondo pasatzeko. Hori ez da negatiboa, baina ondorio negatiboak izan ditzake zenbait pertsonarengan.

Ikerketan jolasak ere aipatu dituzue, hots, debalde jolasten direnak, baina erosketak egiteko aukera eskaintzen dutenak: Candy Crush edo Farm Heroes. Horrelako jolasek eragin negatiboak izan ditzakete?

Igarri dugu gazteen arteko solasasko jolasei buruz direla. Kasu askotan, jolastu egiten dira, eta jolasari buruz hitz egiten dute bakarrik: nola gainditu jolasa edo gauza gehiago nola lortu. Arazotxo bat dauka horrek: erraztu dezake heldutan joko arazoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.