ETXEBIZITZA

Gazteen emantzipazioari bide emateko proposamenak bildu ditu Ernaik

'Gazteok non? Etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat' izeneko dokumentua aurkeztu du Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Ernairen agerraldia Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2021eko martxoaren 23a
13:23
Entzun

Gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasunez ohartarazi eta oztopo horiek samurtzeko, etxebizitzaren arloko zortzi proposamen egin ditu Ernai gazte antolakundeak. Besteak beste, eskatu dute, etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzeaz gain, hori ezartzeko «neurri zehatzak» hartzeko, etxegabetzeak gelditzeko, gazteon emantzipazioari bide emateko «politika eraginkorrak eta neurri ausartak» ezartzeko eta parke publikoa handitzeko. Era berean, alokairuaren prezioa mugatzeko neurriak «berehala» hartzea nahi du Ernaik, «merkatua mugatzeko ezinbesteko tresna» gisa, eta okupazioa «despenalizatzea».

Zifra zehatzak ere proposatu ditu: alokairua ordaindu ahal izateko gazteentzako diru laguntzak ematea, eta gazte batek, gehienez, bere diru sarreren %15 bideratzea alokairua pagatzera. Azkenik, «bestelako etxebizitza eredu edo proiektuak» sustatzeko beharra azpimarratu du, “bizi eredu komunitarioa oinarri».

Gazteok non? Etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat izeneko dokumentuan jaso ditu neurriok Ernaik, eta atzo aurkeztu zuten txostena, Gasteizen eta Iruñean. «Gure xedea da hurrengo urteetan erdigunean egongo diren gakoak ondo identifikatu eta kokatzea, eta horiek lantzeko lehenengo oinarriak jartzea», azaldu dutenez.

Antolakundearen arabera, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak eskubide subjektibotzat jo dute etxebizitza, baina, «behar edo eskubide gisa definitzen» bada ere, Euskal Herrian behar hori asetzea «jabego pribatuarekin loturan» irudikatzen dela uste du: «Eskuragarriagoa da etxebizitza bat jabetzan izatea alokairuan bizitzea baino». Horren ondorioa da «jabetzaren kultura nagusitzen» ari dela Euskal Herrian, «alokairuzko parkea txikia eta prezioen gorakada handia izanik, merkatuaren logikak etxebizitza jabetzan eskuratzearen aukera indartzen duelako».

Gazteek etxebizitza baterako duten sarbidearen diagnostiko gordina egin du Ernaik, datu batzuk gogora ekarrita: Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuan emantzipatutako 18-34 urte bitarteko gazteek, batez beste, 615 euroko errenta ordaintzen dute, eta, beraz, gazteen hamarretik ia lau (%38) «gehiegizko esfortzu ekonomikoko egoeran» bizi dira, euren diru sarreren %40 baino gehiago errenta ordaintzera bideratuta. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren datuen arabera, 16-29 urte arteko gazteen artean, soldataren %45 baino gehiago etxebizitza pagatzera bideratu behar dute: «Datuak ikusita, gazteok alokairuaren errenta ordaindu ahal izateko dugun zailtasuna agerikoa da».

Horrek eragin zuzena du emantzipazioaren adinean: txostenean jaso dutenez, horretarako batez besteko adina 30 urtekoa da Hego Euskal Herrian, eta 23koa Iparraldean. «Hego Euskal Herriko emantzipatzeko batez besteko adina, Europakoarekin alderatuz, oso altua da, 26 urteren bueltan kokatzen baita», ondorioztatu du Ernaik: «Hego Euskal Herrian, gazteon emantzipazio berantiarra aspaldiko fenomenoa da, eta azken urteotan areagotu besterik ez da egin».

«Prekarizazio prozesua»

Alokairuen salneurriaz harago, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak «prekarizazio prozesuarekin» lotu ditu ditu Ernaik: “Batetik, enpleguan esplotazioa zorroztu dute, eta prekarizazio modu berriek langileria osoa mehatxatzen dute, gazteria neurri prekarizatzaileak inposatzeko lehen katebegi bezala erabiltzen dutelarik». Horren adibide gisa aipatu dituzte «miseriazko» soldatak, kontraturik eza, praktika kontratuak, azpikontratazioa, edota autonomo faltsuen egoera. Bestetik, gogorarazi dute gazteen formazio eta ikasketa zikloa luzatu dela: «Ikasiz gero etorkizun hobea izango dugula sinestarazi nahi izan digutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.