Hamalau gaztetxe hustuta, 30 epaiketa, 250 kide baino gehiago identifikatuta eta 50.000 eurotik gorako isunak. Azken bortz urteetan Euskal Herriko gaztetxeek jasan dute kolperik, baina indar erakustaldirik ere egin dute, eta horren adibide da aldi horretan hamasei gaztetxe berri okupatu, lau borroka irabazi eta hamaika proiektu berri aurrera eraman izana. Horiek guztiak gogora ekarri, gaztetxeen kontrako «oldarraldia» salatu eta gaztetxeen aldeko borrokan berresteko baliatu dituzte Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketak. Asteburu honetan, Euskal Herriko 100 gazte asanblada baino gehiago elkartu dira Elorrion (Bizkaia).
Tailer, mahai inguru eta hausnarketa kolektibo artean pasatu dituzte ortzirale arratsaldea eta larunbat goiza, eta manifestazio batekin borobildu dute ekinaldia. Hain justu, mobilizazioaren hondarrean ekitaldi politikoa egin dute, eta bertan ziurtatu dute gaurkoa hasiera bertzerik ez dela izan: «Albokoen esperientziak batuta eta gureak besteei azalduta, herriz herri eta auzoz auzo ekiten jarraitzeko garaia da orain. Oraindik ere asko dugu egiteko, ateak daude bultzatzeko, gazteak antolatzeko eta garaiak exijitzen duenaren aurrean kontzientziak pizteko».

Helburu bikoitzarekin egin dute mobilizazioa: gazteei perspektiba eraldatzailean sakondu, eta antolatzeko eta borrokatzeko deia egiteko batetik, eta gaztetxeen aldeko borrokan berresteko bertzetik. Sinetsita daude gaztetxeen aldeko borroka indartsu dagoela; Euskal Herriko hamaika gazterendako eskola kultural eta politikoa delako, eta mundu ikuskera berri bat ematen dielako.
Erran dutenez, «balio askatzaileetan» oinarritutako proiektuak dira gaztetxeak: matxismoa, arrazakeria eta jarrera zapaltzaile oro borrokatzea dute helburu. «Kezka politikoez elkarrekin aritzeko eta eztabaidatzeko lekuak dira, indibidualtasunetik irten eta gazteok antolatzeko bai eta antolakuntzaren garrantziaz jabetzeko ere ezinbestekoak. Borrokarako grina piztu eta borondate iraultzailea hauspotzeko eremuak. Merkatuaren atzaparretatik kanpo, kultur eredu alternatibo bat sortzeko eta eskaintzeko guneak», gehitu dute.Â
Urruñatik Gasteizera
Horiek horrela, gogora ekarri dute topaketen asmoa: Euskal Herriko gaztetxeak eta gazte asanbladak batzea, garai honetako erronkez hausnartu, eta borrokan aurrerapausoak emateko. Euskal Herrian barnako hamaika txokotako jendea bildu da bertan, Urruñatik (Lapurdi) hasi eta Gasteizeraino. «Konpromisoak batu gaitu eta lan egiteko borondate desinteresatuak eraiki du hau guztia», erran dute. Hala, hilabeteotan topaketen antolaketan egindako lana eskertu diete militanteei; eta gogoratu Elorrioko saioak antolatzeko bilkurak egin dituztela herriz herri, eta horietan ere parte hartzea «ikaragarria» izan dela.
Egungo testuinguruaren analisia ere egin dute, eta gogoratu gora egin dutela faxismoak, erreakzioak eta matxismoak, bizi baldintzek okerrera egin dutela eta euskararen kontrako oldarraldia ere indarrean dela. Adibideak eman dituzte: Falangea Gasteizen, Vito Quiles Iruñean, Vox Euskal Herriko Unibertsitatean, etxegabetze enpresak nonahi, Loiuko (Bizkaia) jazarpen poliziala eta Euskal Herriko hilketa matxistak. «Badago, ordea, horren guztiari erantzuteko lehen lerroan dagoen gazte belaunaldi bat eta herri mugimendu bat», erran dute. Eta horien adibideak ere gogora ekarri dituzte: Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen aldeko desobedientzia, Palestinaren aldeko mobilizazioak edo etxegabetzeen kontrako mobilizazioak. «Alderdikeria eta elektoralismotik kanpo, kalean borroka bizirik mantentzen jarraitu behar dugu», azpimarratu dute.Â
Bide hori hartzen duten gazteen kontrako jazarpenak etenik ez duela erran dute, eta gogoratu isunei, mehatxuei eta atxiloketei egin behar izaten dietela aurre. Hala, Berangoko (Bizkaia) ongietorriaren kasua gogoratu dute: ekainaren 8tik 26ra bitarte hamasei euskal herritar Auzitegi Nazionaleko epaileen aurrean eseriko dira, eta fiskaltzak, denera, 36 urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat, 2022an Ibai Aginaga euskal presoari Berangon ongietorri ekitaldi bat egiteagatik. Gaur egin dute haien aldeko mobilizazioa, Getxon (Bizkaia). Horrez gain, euskal presoak ere gogoratu dituzte, eta amnistia aldarrikatu: «Grina iraultzailea, antolakuntza eta borroka dauden heinean, errepresioa egongo da. Horregatik, ozen oihukatu nahi genukeen aldarria Amnistia osoa da».