GEBehatokia: «Aukera galdu da segurtasun eredu berriaren zerbitzurako batzorde bat izendatzeko»

Giza Eskubideen Euskal Behatokiak uste du «atzerapauso bat» eman dela Poliziaren jardueraren kontrolean eta gardentasunean. Gaur dira hartzekoak euren karguak EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide berriek.

Iker Arana gaztea Ertzaintzak zauritu zuen abenduan, eta hark deklaratzean egindako prootesta da argazkikoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Arana gaztea Ertzaintzak zauritu zuen Bilbon, eta hark deklaratzean egindako prootesta da argazkikoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xabier Martin - Iosu Alberdi
2026ko urtarrilaren 14a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Atzerapauso bat» eman da Poliziaren jardueraren kontrol eta gardentasunari begira. Horrela salatu du Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, ohar baten bidez. Eusko Jaurlaritzak abenduan aukeratu zituen EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide berriak, eta horiek gaur hartuko dituzte karguak. GEBehatokiak, baina, ez du bat egin jarduteko moduarekin, eta uste du «aukera galdu» dela segurtasun ereduari buruzko «eztabaida lasaia hasteko» eta, era berean, eredu berri horren zerbitzurako batzorde bat izendatzeko. 

Abenduaren 17an, legebiltzarrean agerraldia egin zuten Iridia Giza Eskubideen Defentsarako Zentroak eta GEBehatokiak, eta ezagutzera eman zuten Polizia-kontroleko mekanismo independenteak, analisi konparatiboa eta Espainiako Estatuan eraginkortasunez ezartzeko hainbat proposamen izeneko azterlana. Ikerketa hori Kataluniako elkarteak koordinatu du, eta polizia egiturak zaintzeko mekanismoak jorratzen dituzte, izan ditzaketen gabeziak azalduz eta kontrol neurriak ezartzeko gomendioak eginez. Gainera, GEBehatokiaren ikerlana dela medio, atal oso bat eskaintzen dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoan martxan den kontrol mekanismoari. Txostenak aitortzen du EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea estatuan martxan den mota horretako mekanismo bakarra dela, baina gehitzen du funtzionamenduan aldaketak egin beharra dagoela. Haren «esku hartzeko gaitasuna txikia» dela azaltzen du, «ofizioz aktibatzeko eremu mugatuagatik, jarduteko gaitasun eskasengatik, edo Segurtasun Sailaren informazioa biltzeko aurkitu dituzten zailtasunengatik».

GEBehatokiak gogorarazi du muga horiek batzordeko kideek berek salatu dituztela. Horiek azaroan eman zuten batzordearen egoeraren berri, Eusko Legebiltzarrean. 2023. eta 2024. urteetako memoria aurkezterakoan, Juan Luis Ibarra batzordeburuak eta Miren Ortubai batzordekideak baliabide falta nabarmendu zuten; besteak beste, hartara bideratutako aurrekontuak %57 egin du behera 2021ean sortu zenetik. Horren aurrean, hala mintzatu zen Ortubai: «Errefortzu garrantzitsu bat eskatzen dugu, ia aldaketa bat, ikerketetan eta txostenak egiten lagundu dezakeen pertsona bat kontratatzeko». Era berean, urte hasiera honetan, salatu dute Ertzaintzak ez dietela Amaya Zabarteren auzia ikertzeko beharrezko informazio guztia helarazi.

Ibarra eta Ortubai jada ez daude batzordean, ezta hartako kide izan diren Francisco Javier Hernaez, Estefania Okariz eta Jose Antonio Nieto ere. Bost urteko mandatua amaituta, horien lekuak hartuko dituzten kideak 2025eko azken gobernu kontseiluan baieztatu zituen Eusko Jaurlaritzak: Enrique Lucas, Marta Aldanondo, Santiago Ron, Jose Antonio Gonzalez eta Jose Julio Gonzalez dira hemendik aurrera batzordea kudeatuko dutenak. Jose Antonio Gonzalezen izendapenak harrabotsa eragin du. Hura EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salako Hirugarren Ataleko presidentea da, eta hark eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari argitzeko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak hizkuntza eskakizunen derrigortasunaren inguruan zehazten duenak konstituzioa konplitzen duen.

Izenez gain, horiek aukeratzeko moduaz kexu da GEBehatokia. Segurtasun Sailak egiten du hautaketa, Ertzaintzaren agintea duen erakunde berak, «inolako kontrasterik gabe eta hermetismo osoz», behatokiaren ustez. Hala, uste dute diagnostikoa argia dela: «Egiaztatu genuen batzorde hori ezin zela hartu kanpoko mekanismotzat eta, beraz, Polizia erakundearekiko independentetzat». Segurtasun Sailarekiko duen «menpekotasunean» azpimarra egin zuten Iridiak eta GEBehatokiak abenduko agerraldian ere, eta adibide gisa jarri batzordeak heriotza eta lesio larriak dauden kasuetan soilik abiatu dezakeela ikerketa bat ofizioz. 

Ekarpen «eraikitzailea»

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiarekin zein gaur argitaratutako oharrarekin, GEBehatokiak ekarpen «eraikitzailea» egin nahi dio mekanismo horren funtzionamenduaren eta, ondorioz, segurtasunaren inguruko eztabaidari, eta eskatu du prozesu bat antolatzea «gizarte zibil antolatua» zeregin horietan inplikatzeko. Katalunian, gizarte erakundeek Torturaren Prebentziorako Mekanismoan parte hartzen dute, gogorarazi dutenez. «Gizartearen ekarpen aktibo horren bidez, eta borondate politikoaren bidez, sektore kritikoenen inplikazioa lortu da, segurtasun zerbitzuarekin, haren kontrolarekin eta monitorizazioarekin konprometitzeko».

«Iazko uda 1990eko hamarkadako parametroetan kudeatu zen. Euskal segurtasun eredua XXI. mendera egokitu nahi bada, adostasun politiko bat beharko da»

GEBEHATOKIA 

GEBehatokiak, baina, ez du Eusko Jaurlaritza norabide horretan ikusten. Salatu du, «itxura guztien arabera», Segurtasun Sailak «haren nahietara egokitzen den jarduera ziurtatu» nahi duela agintaldi honetan. Jarduteko modu horrek erakusten du, GEBehatokiak dionez, «atzerantz» doazela Poliziaren jardueraren kontrolari eta gardentasunari dagokienez. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk egungo funtzionatzeko modua defendatu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta Iridiak eta GEBehatokiko kideek egindako «kritikak» kritikatu zituzten.

Segurtasunari buruzko eztabaidari lotuta, Giza Eskubideen Behatokiak ahoan bilorik gabe esan du «iazko udari aurre egiteko modua desastre hutsa» izan zela. «1990eko hamarkadako parametroetan kudeatu zen. Euskal segurtasun eredua XXI. mendera egokitu eta eraginkor izan nahi badute, adostasun politiko bat beharko dute, eta, zoritxarrez, egiaztatu dugu hori oso zaila dela Eusko Legebiltzarrean». Elkarteak dio ezinbestekoa dela eztabaidari «lasai eta modu eraikitzailean» aurre egitea, «eta ez liskar politikoaren parametroetan» oinarritutako gai gisa.

Horiek horrela, azaldu dute udaz geroztik eztabaida politikoaren «polarizazioa eragin duten gertakarietako batzuk inguruko gizarteetan aspaldidanik sustraitutako fenomenoak» direla. «Aitzitik, hemen ez dira espezifikoak edo, are gehiago, gure oraintsuko historia mingarriari lotutakoak. Guztiok egin behar dugu ekarpena, Ertzaintzaren sindikatuek ere bai, Polizia gogoetatsu, enpatiko eta autokritiko baten oinarri etikoei erantzuten ez dieten jarrerak gaindituz eta gaizki egindakoaren ardura hartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.