GEBehatokiak «zirrikituak» ikusten ditu torturaren «negazionisten bunkerrean»

NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak Raul Fuentes euskal presoaren tortura salaketari buruz ezarritakoa aintzat hartuta, Behatokiak dio «negazionismo judizialaren kale itsua» zabaltzen ari dela.

Giza Eskubideen Behatokiaren agerraldia, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Giza Eskubideen Behatokiaren agerraldia, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2025eko ekainaren 3a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparazio prozesua oso motela izaten ari da azken urteetan, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak salatu du prozesu hori «betikotzen» ari dela. Bilbon, Iratxe Urizar GEBehatokiko kideak azaldu du «hamarkadako lana» izan dela «negazionismoa gainditzea» eta gaur egun «tortura salaketen egia bere egiten duen kontsentsua eraikitzea». Urizarrek erakunde publikoei erreparatu die helarazteko «eternitate bat» behar izan dutela biktimen aitortza eta erreparazio prozesuak abiatzeko.

GEBehatokiak adierazi du Espainiako botere judiziala dela azken oztopo handia torturaren errealitatea azaleratzeko: «Nazioarteko egia, erreparazio eta justizia eta berriz ez gertatzeko bermeei lotu gabe jarraitzen duen azken katebegia da», esan du Urizarrek. Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiari aurpegiratu berri dio Raul Fuentes euskal presoaren tortura salaketak ez ikertzea, eta GEBehatokiak agerraldia egin du horren harira. Urizarrekin batera Agus Hernan egon da, baita Fuentesen senideak eta presoaren abokatu Olivier Peter ere.

«Salbuespenezko jurisdikzio penala» ezartzea egotzi dio Espainiako botere judizialari, iritzita «estrategia integralean funtsezkoak diren bi zeregin bere gain» hartu dituela: torturak zigor gisa erabiltzea eta, bestetik, torturatzaileei «erabateko zigorgabetasuna» ematea: «Lege penal bat etsaiarentzat, beste bat lagunarentzat». Hala ere, GEBehatokiak uste du arlo judiziala «pitzadura txikiak» izaten hasi dela. Izan ere, Iratxe Sorzabalek tortura jasan zuela onartu du berriki Espainiako Auzitegi Nazionalak.

«Bunker negazionista»

«Espainiako justizia penalaren bunker negazionistan zirrikitu txiki bat ireki du» Sorzabalen inguruko epaiak, GEBehatokiaren arabera. Uste dute botere judiziala torturak aitortzen hasi dela, baina torturaren praktika nola edo hala ezkutatzen saiatzen dela, «torturatzaileek inpunitatea izan baitute hainbeste hamarkadatan», eta horrek «preskripzioaren bide antzura» daramatzala tortura kasu gehien-gehienak. «Denbora luzea pasatzen uztea izan da estrategia, Estatuaren biktimen justizia aldarrikapenak neutralizatzeko. Kasuek preskribatu dutela esaten digute. Eta kito», adierazi du Urizarrek.

«Apurka, sisteman zirrikitu txiki batzuk ikusten dira: gizateriaren aurkako delituek eta tortura delituek ez dute preskribatzen, eta delitu horien egileei ezin zaie amnistia eman»

IRATXE URIZARGEBehatokiko kidea

Memoria Demokratikoaren Legeak bide bat eskaintzen du kereilak aurkezteko frankismoan izandako giza eskubideen urraketen aurka, 1978 baino lehenago gertatutakoen aurka. Eta GEBehatokiak oso mezu argia helarazi du: «Gizateriaren aurkako delituek eta tortura delituek ez dute preskribatzen, eta delitu horien egileei ezin zaie amnistia eman». Kontraesana da, beraz, GEBehatokiaren ustez, denboraren mugak jartzea lege horri. «Diktaduran ez bazuten preskribatzen, zergatik preskribatzen dute ustezko demokrazia finkatu batean?»

Gauzak horrela, Giza Eskubideen Behatokiak errepikatu du «apurka-apurka sisteman zirrikitu txiki batzuk» ikusten ari dela. Izan ere, Nazio Batuetako organoek berretsi dute oraintsuko kasuek ere ezin dutela preskribatu. «CATek jada eskatu zion Espainiari legedia aldatzeko, tortura delituek preskribatu ez dezaten», gogoratu du Urizarrek; «eta orain, Raul Fuentesen kasuan, Torturaren Aurkako Batzordeak dio ezin dela preskripzioa argudiatu tortura kasuak judizialki ez ikertzeko».

Fuentesen abokatu Olivier Peterrek esplikatu du Espainiako Estatuak 90 egun dituela orain, uztailaren amaierara arte, NBEren Torturaren Aurkako Batzordeari adierazteko zer neurri hartuko dituen Fuentesen auziaren inguruan. «Espero dugu auzibidea abiatzea Raulen aurkako torturekin lotutako pertsona guztien aurka. Jo eta mehatxatu zutenen aurka, eskuan lesio sendaezina egin ziotenen aurka, baita hori egitea agindu edota ezkutatu zutenen aurka ere»; Peterrek denak nahi ditu balizko zigor ikerketa horretan: «Espedientean daude izen guztiak».

«Espero dugu Espainiako Estatuak auzibidea abiatzea Raul Fuentesen aurkako torturekin lotutako pertsona guztien aurka»

OLIVIER PETERRaul Fuentesen abokatua

Horrez gain, abokatuak jakinarazi du Fuentesi ezarritako zigorra berrikustea eskatuko ote duten aztertzen ari direla, «torturapean lortutako deklarazioak hartzen baititu oinarri» zigor horrek. Peter abokatuak erantsi du Espainiako Estatuak bi aukera dituela: NBEk eskatu diona betetzea eta «torturen biktimen alboan jartzea» ala «torturatzaileekin lerratzea». Edonola ere, abokatuak uste du NBEaren Torturaren Aurkako Batzordeak pitzadura bat ireki duela «inpunitatearen murruan».

Gobernuen laguntza

Ildo beretik, Fuentes kasuan, «negazionismo judizialaren kale itsua» zabaltzen ari dela uste du Giza Eskubideen Behatokiak, eta sinetsita daude bide horretatik jo beharko dutela tortura kasuak berriro irekitzeko aukerek, «azken ondorioetaraino» iker daitezen. Hala, aditzera eman dute fiskaltzak ezer egin ezean Behatokiak hartuko duela ardura, Fuentes berarekin hitz egin baitute. «Ehunka torturatzaile aske dabiltza» ohartarazi du Urizarrek: «Torturatutako milaka pertsonaren egia aitortzen bada, non daude haien torturatzaileak?».

Hala, adierazi dute Espainiak ezin diela entzungor egin nazioarteko erakundeen ikerketa eskaerei, aurrerantzean gizateriaren aurkako delituen preskripzio epeak ez bailuke oztopo izan behar. «Nazio Batuen organoek esan digute nazioarteko komunitatea zur eta lur geratu dela Espainiako Estatuak egindako milaka tortura kasuen berri izan ondoren. Ekiteko garaia da».

Hori dela eta, «ezinbestekotzat» jo dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien biktimei justizia emateko. «Aukerak zabaltzen ari dira, eta erakundeek laguntzeko gai izan behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.