Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak Raul Fuentes euskal presoak 1991n pairatutako torturak ez ikertzea leporatu dio Espainiari. Ez da lehen aldia Espainia organo haren jomugan dagoela, baina auziak badu berezitasun bat, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak azaldu duenez. Zehazki, salatu du Fuentesen salaketa artxibatu zutela preskribatuta zegoela argudiatuta. Hau da, berretsi egin du nazioarteko legediaren arabera tortura delituek ez dutela preskribatzen. Eta horrek ondorio argi bat izan beharko luke, GEBehatokiaren ustez: «Espainiako justiziak preskribatutzat jotzen dituen kasuak aitzakiarik gabe ikertu beharko lirateke».
Batzordeak torturen eta bestelako tratu eta zigor krudel, gizagabe edo umiliagarrien kontrako hitzarmeneko bi artikulu aipatu ditu Espainiaren jarreraren kontrako argudio nagusi gisa. Batetik, iritzi dio ikerketa faltak talka egiten duela hamabigarren artikuluarekin. «Bere jurisdikziopean tortura ekintza bat izan dela sinesteko zentzuzko arrazoiak daudenean, estatu orok modua emango du autoritate eskudunek ikerketa azkar eta inpartzial bat abiatu dezaten», dio artikulu hark.
Bestetik, hamalaugarren artikulua ere aipatzen du. Hain zuzen, hor dago nobedadea. Batzordeak iritzi dio auzia ixteko preskripzioa argudiatu izanak ez duela bat egiten torturaren biktimek «erreparazioa eta ordain justu eta egoki bat» jasotzeko duten eskubidearekin. Hau da, «nazioarteko legedian oinarrituta, ezingo litzateke alegatu legezko preskripzio epeak bete direla, torturak ondorio iraunkorrak uzten baititu pertsonengan», adierazi du GEBehatokiak.
Txostenak bat egin du GEBehatokiak azken hilabeteetan adierazitakoekin. Martxoan, Egiarako eskubideak ez du preskribatzen konferentzia egin zuten, eta han izan zen Fabian Salvioli NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohia. Hala mintzatu zitzaion BERRIAri egun gutxira: «Preskribaezintasunaz ari garenean, ekintza penalez eta epaiketa kriminalez ari gara. Epaiketa horiek gizateriaren kontrako krimenengatik egiten dira. Eta krimen horiek ez dute preskribatzen. Torturaz, bahiketaz, desagertze behartuez eta abarrez ari gara».
Oraintsu, ideia bera defendatu zuen Iratxe Urizar GEBehatokiko kideak ere, Iratxe Sorzabalek pairatutako torturak frogatutzat jo dituen ebazpenari emandako erantzunean. Hain zuzen, GEBehatokiaren ustez, ikusita zer jaso duten batzordearen txostenean eta Auzitegi Nazionalak torturen ebidentzien aurrean «amore eman» behar izan zuela, ez dago aitzakiarik torturak ez ikertzeko.
Asteartean, xehetasun gehiago
Aferaren nondik norakoak azaltzeko, prentsaurreko bat egingo dute datorren asteartean. Han, GEBehatokiko Agus Hernanekin eta Iratxe Urizarrekin batera, Olivier Peter abokatuak ere hartuko du hitza. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko prozeduretan aditua da Peter, eta euskal gatazkari lotutako auzi ugari eraman ditu. Tortura kasuei lotutako batzuk, baina baita bestelakoak ere; besteak beste, Bateragune auziari dagokiona —ebatzi zuten Gorena ez zela inpartziala izan— eta Xabier Atristainena —haren defentsa eskubidea urratu zela ebatzi zuten—.
Ez da torturaren kontrako batzordeak Espainiari «belarrietatik tira» egiten dion lehen aldia, GEBehatokiak gogoratu duenez. 2023an hala adierazi zuen, Espainiako egoeraren inguruko beste txosten batean: «Jasotako informazioaren arabera, ez zen ikerketarik zabaldu 1960 eta 2014 artean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ustez tortura eta tratu txarrak jasan zituzten pertsonen 5.379 testigantza dokumentuei dagokienez». Hala, Espainiari exijitu zion «ofiziozko ikerketa bat» egiteko. Era berean, beste zenbait euskal herritarrek pairatutako torturak ez ikertzeagatik ere kexu azaldu izan da. Behatokiak Encarni Blancoren, Kepa Urraren eta Orkatz Gallastegiren kasuak gogoratu ditu. Antzera mintzatu zen NBEko Giza Eskubideen Batzordea Mari Cruz Atxabalen kasuan ere, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere behin baino gehiagotan zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik.