Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
«Gehiengo ezkertiarra» batzera deitu du Aranak
Ezker Anitza alderdiko hautagaia sinetsita dago «boterea banatzeko» itun bat egin dutela EAJk eta PSE-EEk
Mikel Arana Ezker Anitzako hautagaiak ez du dudarik: EAJk eta PSE-EEk «boterea banatzeko» akordioa dute. «Zurrumurru bat baino gehiago da. Euskadi herri txiki bat da, eta behar baino gehiago hitz egiten duen jendea dago». Cayo Lara IU Espainiako Izquierda Unida alderdiko koordinatzaile nagusiarekin batera Bilbon eginiko ekitaldian esan ditu hitzok Ezker Anitzako zerrendaburuak. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak aipatu zuen aukera hori, asteazken gauean, lehendakarigaien artean ETB2n eginiko eztabaidan, eta Aranak bere egin du Mintegiren salaketa. Hala, eta aukera horren aurrean, Ezker Anitzaren aldeko botoa «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela esan du. Aranak uste du Eusko Legebiltzarrean «gehiengo ezkertiar» bat egonez gero, EAJren eta PSE-EEren arteko balizko akordioa «baldintzatu» daitekeela. Ezker Anitzako kidearen arabera, PSE-EE prest egon daiteke EAJren politikak babesteko. «Urkullu eta Lopez Raxoi eta Rubalcaba bezala arituko dira», ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu