Gehiengoak lortzen dituztenen zerrendetara atxiki nahi du EAJk Ipar Euskal Herriko martxoko bozetan

2026an, herrietako bozetako gehiengoaren zerrendetan aurkeztuko da EAJ, «zinezko eragina» ukan dezan. Euskal Elkargoaren ibilbidearen bilana egiteko deia zabaldu du Etxelekuk, eta uste du «goizegi» dela beste instituzio baten eskaera egiteko.

Peio Etxeleku eta Aitor Esteban, gaur goizean, Heletako gasnategian. PATXI BELTZAIZ
Peio Etxeleku eta Aitor Esteban, gaur goizean, Heletako gasnategian. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Heleta
2025eko urriaren 25a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizean EAJk ez ditu presentatu heldu den martxoko Ipar Euskal Herriko herrietako bozetarako hautagaiak, baina Heletako (Nafarroa Beherea) Agour gasnategian egin prentsaurrekoan, Peio Etxeleku IBBko presidenteak erran du EAJk gehiengoaren zerrendetan parte hartzea aurreikusi duela. «Gehiengoaren zerrendetan izan nahi dugu, zinezko eragina ukan dezagun erabaki publikoetan. Koalizioan eraikitzen diren listetan parte hartuko dugu, kontsentsua lortzeko asmoz».

Heldu den urteko martxoko bozak EAJrentzat «oso garrantzitsuak» izanen direla nabarmendu du Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariak. Alderdiarentzat pauso batzuk emateko aukera dela kontatu du, eta, orokorrago, nabarmendu du EAJren presentzia «baitezpadakoa» dela Ipar Euskal Herriko «autogobernuaren alde» eta «herritarren ongizatean» aurrera egiteko.

Ez du zehaztu nahi izan EAJ zein herritan aurkeztuko den, otsailean deklaratzen baitira hautagaiak haren ustez. Beraz, izenik eman gabe, lehentasunak zerrendatu ditu; hizpide izan ditu, bertzeak bertze, euskararen presentzia indartzea, biztanle berriak integratzea, etxebizitzaren krisia eta egoera ekonomikoa. Luzeago jardun du Euskal Elkargoaren gobernantza sistemaz. Etxelekuk adierazi du EAJk «azkarki» eragin nahi duela bertan. Ontzat jo du Euskal Elkargoak egin duen ibilbidea Ipar Euskal Herriak «ezagupen instituzionala» ukan dezan, baina haren ustez elkargoaren sorrerak «lurralde desoreka» ekarri luke «maila guzietan»: «Botere zentralistegi batek kendu die barnealdeko hautetsiei edo auzapezei elkargoa sortu aitzin zuten boterea».

«Gehiengoaren zerrendetan izan nahi dugu, zinezko eragina ukan dezagun erabaki publikoetan. Koalizioan eraikitzen diren listetan parte hartuko dugu, kontsentsua lortzeko asmoz»

PEIO ETXELEKU IBBko kidea

EAJ elkargo «indartsu» baten aldekoa da, baina beste instituzio baten sorrera eskatzeko «goizegi» litzateke Etxelekuren ustez. «Instituzio azkarrago baten alde izanen gara, baina ez gara jokoz tronpatu behar. Lasterregi joatea da beste instituzio baten sorrera aipatzea, oraino egin gabe baitago azken hamar urteotan Euskal Elkargoak egin duenari buruzko bilana».

Bertzalde, Gernikako Estatutuaren 46. urteurrenaren karietara, Estebanek oroitarazi du Eusko Jaurlaritzak ez dituela oraino galdegin eskumen guziak eskuratu. «Eusko Jaurlaritzak prest ditu txosten guztiak, eta Pedro Sanchezek egiazko borondatea erakutsi behar du azken eskumenak eskura ditzagun».

Jainagaren auziaz

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko enpresaburuaren kontrako salaketaz ere mintzatu da Esteban. Erran du ez dela egin behar «aldez aurretiko epaiketarik», eta «aurreiritzirik ez izatea» eskatu du. «Antza denez, salaketa bat egon da, eta enpresak esango du zer gertatu den, eta ea oinarririk baduen salaketa horrek».

«Antza denez, salaketa bat egon da, eta enpresak esango du zer gertatu den, eta ea oinarririk baduen salaketa horrek»

AITOR ESTEBAN EBBko lehendakaria

Espainiako Auzitegi Nazionala Jainaga ikertzen ari da, kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izatea egotzita. Francisco de Jorge epaileak ireki du inkesta, Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.