«Genozidioarekiko inolako konplizitaterik» ez duela onartuko ohartarazi du Palestinarekin Elkartasunak

Elkarretaratzea egin dute Bilbon eguerdian, eta manifestazioa, arratsaldean Donostian: 18:30ean abiatu dira Saguestik eta euria hasi duen arren, jende askok parte hartu protestan.

Emakume bat, gaur Bilbon egin duten elkarretaratzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakume bat, gaur Bilbon egin duten elkarretaratzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko irailaren 20a
15:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadaren azken erasoen ondoren, Palestinar herriari elkartasuna adierazi diote berriro gaur dozenaka lagunek Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Izan ere, Israelek Gaza hiriaren aurkako lurreko erasoa abiatu ondoren, deitzaileek salatu dute «Palestinako biztanle guztiak akabatzeko planari» eusten diola Benjamin Netanyahuren gobernuak. Hala, herritarrak deitu dituzte Palestinaren aldeko konpromisoari eustera; eta erakunde publikoen «inakzioa» ikusita, argi utzi dute ez dutela onartuko «genozidioarekiko inolako konplizitaterik».

Donostian, berriz, manifestazioa egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: 18:30ean abiatu da Saguestik. Ateri hasi duten arren, Kursaal parera iritsi direnean gogotik hasi du euria. Zurriolako zubitik zintzilikatu dira bi ekintzaile, «palestinar erresistentziari babesa adierazi eta Israelen desegitea aldarrikatzeko». Euriak, baina, ez du lortu elkartasuna geldiaraztea. 

Bilboko eguerdiko elkarretaratzea Areatzan izan da. Palestinako bandera handi bat lurrean jarrita, inguruan bildu dira dozenaka pertsona, Eutsi Gaza! Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera lelodun pankartaren atzean. Txaloka eta oihuka, zaratatsu aritu dira Israeli boikot egiteko eskatzen, Palestinaren askatasuna aldarrikatzen eta Europaren konplizitatea salatzen.

Izan ere, oso kritiko mintzo da Palestinarekin Elkartasuna plataforma Europako erakundeekin: «Estatuek ez dute ezer egiten, erakundeak eta enpresak konplizeak dira, eta ustezko ordezkari politikoek adierazpen lotsagarriak egiten dituzte, bi estatuetan oinarritutako konponbidea defendatzen». Gainera, adierazi dutenez, «promesa epelak eta keinu txikiak» egiten dituzte, baina, aldi berean, «genozidak babesten» jarraitzen dute, diruz, haiekin negozioak eginez eta haiei armak salduz.

Herritarrek «elkartasun geldiezina» eraiki izana txalotu du plataformak, eta azken asteotako desobedientzia ekintzak goratu ditu. Hala, Palestinarekin Elkartasunak konpromisoa agertu du «genozidioarekiko inolako konplizitaterik» ez onartzeko, palestinar herriaren «erresistentziarako zilegizko eskubidea» babesteko eta borrokan jarraitzeko Israelen «erregimen koloniala erabat desegin arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.