Gernika-Palestinak ehundik gora elkarretaratze antolatu ditu ostegunerako, «genozidiorik eta gerrarik ez» esateko

Israel Gazan genozidioa «inpunitate osoz» egiten ari dela salatuko dute hainbat udaletxeren aurrealdean. Elkarretaratzeek alderdi politiko, sindikatu eta beste eragile sozial ugariren babesa jaso dute.

Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, beste hainbat eragile sozialen ordezkarirekin batera, gaur goizean, Bilboko udaletxearen aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, beste hainbat eragile sozialen ordezkarirekin batera, gaur goizean, Bilboko udaletxearen aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 6a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Palestina herri mugimenduak ehundik gora elkarretaratze antolatu ditu ostegunerako. Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrealdean egingo dituzte, palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazteko eta Israel egiten ari den genozidioa salatzeko, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! gerrarik ez! lelopean. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Bilboko udaletxean, eta orduan eman dituzte deialdien inguruko azalpenak. Plataformako kideek alboan izan dituzte deialdi horiekin bat egin duten alderdi politikoen, sindikatuen eta beste kolektibo batzuen ordezkariak ere. «Sortzen ari diren munduko ordena berria» aldatzeko, herritarrei dei egin diete haien aldarria kalera eramateko: «Kalera atera behar dugu».

Horrekin lotuta, Ibon Meñika eta Eneko Gerrikabeitia plataformako bozeramaileek salatu dute ez dela betetzen ari nazioarteko araudia, eta betearazi beharko luketenek ere ez dutela ezer egiten: «Inperialismoa, kolonialismoa eta giza eskubideen urratze sistematikoak normaltzen, onartzen eta betikotzen ari dira gizartean», salatu dute gaurko agerraldian. Ohartarazpen bat ere egin dute: «Datozen hilabete hauetan herrien etorkizuna baldintzatuko duten erronka erabakigarriak izango dira».

Meñikak eta Gerrikabeitiak gogoan izan dute Israel «inpunitate osoz Gazan egiten ari den genozidioan» 74.000 pertsona baino gehiago hil direla dagoeneko. Horrez gain, Palestinako lurraldearen okupazioa eta Zisjordanian egiten ari diren errepresioa indartzen ari dela salatu du Meñikak: «Gosea erabiltzen dute palestinarren kontra, eta umeak dira kaltetu nagusiak». 

Gernika-Palestinako ordezkarien esanetan, gizarteak ezin du beste alde batera begiratu, eta euskal herritarrei dei egiten diete Euskal Herri osoko ehundik gora udaletxeren aurrean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Gernikaren herritik, genozidiorik ez! gerrarik ez! lelopean antolatutako mobilizazio horiei babesa eman diete EH Bildu, PSE-EE, Ezker Anitza-IU, Sumar Mugimendua, Elkarrekin Ahal Dugu eta Geroa Bai alderdi politikoek, eta CCOO, UGT, LAB, Steilas, Hiru, Etxalde eta CGT sindikatuek.

Beste hainbat herri eragile ere deialdien alde agertu dira, hala nola Amnesty International, Zehar Errefuxiatuekin, Udalbiltza, AEK, Lagun Artean, Gerrarik Ez, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gipuzkoako Medicus Mundi, Sare Herritarra, Gure Esku, Palestina Gara, Mugarik Gabe, Mundubat, Gernika Memoriaren Lekuko eta Ernai.

Elkarretaratzeetan Palestinatik ekarritako testigantza bat irakurriko dute. Azaldu dutenez, testigantza horretan «palestinarrek hiru urte hauetan izandako bizipen gogorrak» islatzen dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA